Jim Ryan beteranoa ordezkatuko dute, lanak banatuz. Hiroki Totoki-k bitarteko CEOa izaten jarraituko du ekainaren 1era arte.

Sony Interactive Entertainmentek hurrengo arduradun nagusiak izendatu ditu. Hermen Hulstek eta Hideaki Nishinok enpresaren lanak banatuko dituzte ekainaren 1etik aurrera.

Jim Ryanek joan den irailean iragarri zuen kargu uztea, ia sei urtez arduragun nagusi izan ondoren. Hiroki Totori Sony Group Corporation-eko presidenteak hartu zituen bitarteko CEO lanak: hauek ekainera arte mantenduko ditu, eta ostean COO (ekintzen arduradun) zein CFO (finantza arduradun) lanak betetzera itzuliko da.

Hori horrela, etorkizunean SIEk egitura orokorra aldatuko du CEO bikoitza edukitzeko. Alde batetik, Hermen Hulstek Studio Business Group taldea gidatuko du: enpresaren software alorrera zuzendutako esparrua. PlayStation markaren berezko estudioen ardura izateaz gain, zinemarako eta telebistarako bideratutako ekoizpenak kudeatzeari ekingo dio.

Hulst PlayStation Studios-ko burua denez, kargu aproposa da berarentzat. “Bideojokoen industria entrenimendura bideratutako munduko industriarik handienetakoa da, eta edukien zein teknologiaren arteko ezkontzatik hazten da”, adierazi du.

Beste aldetik, Hideaki Nishino Platform Business Group taldeko burua izango da: SIEren hardware alorra kudeatzeaz arduratuko da. PlayStation 5 kontsola sartzen da esparru honetan, noski, baina baita berari lotutako periferikoak, baita zerbitzu desberdinak ere; alegia, aginteak zein PlayStation Network bezalako plataformak egongo dira Nishinoren eskuetan.

Are gehiago, kanpoko enpresekin, handiekin nahiz indiekin, harremanak lantzea eta akordioak zehaztea izango da bere lanetako bat. Nishinok 20 urte daramatza SIEn, eta gaur egun produktuen garapeneko zuzendariorde kargua dauka.

Enpresaren egitura aldaketak “hazkunde jasangarria” bideratzera hartutakoak direla adierazi dute SIEtik. Azken urteotan etengabe hedatzen joan den barrutia da, lantalde handiagoa eratuz. Hau kudeatzeko bidea zatitzea izango dela dirudi, hortaz.