Newer Team zale taldeak ikerketak eta epaiak batu ditu, Ocarina of Time klasikoa eraldatuta.
Hero of Law argitaratu du Newer Team taldeak. Romhack proiektu berezia da: The Legend of Zeldaren unibertsoa Ace Attorney sagaren proposamenarekin elkartzen du.
Romhacken munduan indar betean ari den The Legend of Zelda: Ocarina of Time oinarritzat hartuta, ikerketak, hiltzaileak, misterioak eta epaiak uztartzen ditu Hero of Lawek. Oraingoan abokatu lanetan ariko den Link izango da gure heroia: legearen heroia.
Bi orduko iraupena duen abentura motzaren aurrean gaude, baina Newer Teameko zaleek egindako lana goraipatzekoa da. Ocarina of Timen proposamena zeharo aldatuta, nobela bisuala biziko dugu: auzitegian testigantzak entzuten, objektuak zein frogak biltzen eta Phoenix Wright-ek botako lituzkeen itxaron! edo objekzioa! ospetsuak esaten ibiliko gara, gure aurka dagoen Dragmire fiskalari garaitzeko eta benetako hiltzailea aurkitzeko ahaleginetan.
Newer Team aski ezaguna da romhack komunitatean. Aldez aurretik Newer Super Mario Bros. Wii zein Newer Super Mario Bros. DS arrakastatsuak prestatu dituzte, baita Another Super Mario 3D ere.
Zale taldearen webgune ofizialean aurkituko dugu OoT eraldatzeko beharrezko adabakia. Prozesua erraza da: ROM fitxategia eskuratu ondoren, web orrialdean kargatuta nahikoa izango da Hero of Law jasotzeko.
Egileek diotenez, romhacka Nintendo 64 kontsola originalean joka daiteke, baita emulagailu desberdinetan ere. Bukatzeko, sortu duten soinu banda berria YouTube-ko katean argitaratu dute.
Iruzkinak