Maiatzaren 26an estreinatuko da ordainpeko eduki gehigarria. Honekin batera doako elementu berriak ere gehituko dituzte.
Minecraft genero guztiz berri batera eraman zuen pasa den urtean Minecraft Dungeons RPG abenturak. Mojangek argitaratu zuenetik etengabeko eduki gehigarrien jarioa eduki du, eta hurrengoa hilabete honetan estreinatuko da. Hidden Depths espantsioa maiatzaren 26an helduko da bideo-jokora.
Howling Peaksekin mendi gailurrak igo zituzten jokalariek; Flames of the Nether espantsioarekin guztiz kontrakoa egin zuten, infernura jaitsita. Oraingoan, baina, itsaspea esploratu beharko dute rol joko honetako abenturazaleek. Itsasoko zokorik sakonenetaraino iritsi den hondamendiaren aurka egin beharko dute Hidden Depthsen.
Espantsioa ordainpekoa izango den arren, aldi berean doako edukiak ere jasoko dituzte zaleek. Botere eta maila berriak aipatu dituzte Mojangekoek prentsa oharrean, baina berritasunik esanguratsuena Raid Captains deitutako etsaien aldetik etorriko da. “Munduko izkinetan zelatan egongo dira” kapitain hauek, eta “erronka maila berria suposatuko dute”. Horrenbesterakoak izango dira, Minecraft Dungeonsera “jokatzeko era guztiz aldatuko dutela”.
Espantsioa zein doako edukiak maiatzaren 26an ikusiko dituzte PC, PS4, Xbox One eta Switcheko jokalariek. Hau esaten genuen Minecraft Dungeonsi buruz joan den urteko ekainean Game Erauntsian idatzi genuen analisian:
Mojangek garatutako dungeon crawlerra generoko zaleentzat oso sinplea egin daiteke. Hala ere aproposa da jokalari berrientzat, edo denbora gutxi duten horientzat. Minecraften magia berezi hori nabaritzen da Dungeonsen; betiko zaleentzat zein zerbait berria frogatu nahi dutenek gozatu ahal duten jokoa da Minecraft Dungeons.
Analisia irakurtzeko, egin klik hemen.
Iruzkinak