Bayonetta, The Wonderful 101 edo Sol Cresta jokoen arduraduna izan da taldea 2006. urtean eratu zuenetik.
PlatinumGames bideojoko estudioak sortzaileetako bat galduko du. Hideki Kamiya zuzendariak taldea utziko duela jakinarazi du: urriaren 12an lan taldea alboratuko du bere kargua.
Estudioak zein Kamiyak sare sozialak erabili dituzte erabakiaren berri emateko. “PlatinumGamesen hazkunderako sormen ideiak, zuzendaritza eta ekarpenak benetan eskertzen ditugu hastapenetatik gaur egunera arte”, adierazi dute estudiotik.
Erabakia “asko hausnartu ondoren hartutakoa” dela azpimarratu du Kamiyak: “Ez da erraza izan”. Estudioa utziko duen arren, bideojokogintzan murgilduta jarraituko duela dirudi. “Nire Hideki Kamiya bidean sortzen jarraituko dut”.
Ibilbide profesionala Capcom taldean hasi zuen japoniarrak 1994an. Resident Evil originalean lan egin zuen Shinji Mikami-rekin; ostean, Resident Evil 2 bikaineko zuzendari lanak bete zituen. Devil May Cry sagaren sortzailea eta zuzendaria izan zen, gainera. Capcomen Clover Studio barne taldean ere ibilitakoa da: Cloverrekin Viewtiful Joe eta Okami mitikoak sortu zituen Kamiyak.
2006an Clover Studio itxi zuen Capcomek, eta Kamiyak erraldoi japoniarretik alde egin zuen PlatinumGames sortzeko. Shinji Mikamirekin eta Atsushi Inaba-rekin (Capcomen hainbat bideojokoren ekoizlea) batera elkartu zen Platinum eratu ahal izateko.
2006tik gaur egunera arte Bayonetta edo The Wonderful 101 bezalako maisulanak prestatu ditu Kamiyak Platinumen. Estudioak argitaratutako azken jokoetan ikuskatzaile edo sormen zuzendari karguak hartu dituen arren, bideojokogintzan inplikatuta jarraitu du japoniarrak.
Izan ere, 2020an Project G.G. deitutako bideojokoa iragarri zuen estudioak. Viewtiful Joe eta The Wonderful 101rekin hasitako “superheroien trilogia” osatu behar duen lana da; hori horrela, Kamiya izan da proiektuaren zuzendaria, orain arte behintzat.
Sortzailearen irteerak taldean edukiko dituen ondorioak ikusteke daude, hortaz. Platinum ez da Project G.G. edo gainerako lanen inguruan mintzatu. Gauza bera gertatzen da, noski, Kamiyaren hurrengo proiektuekin: buruan duena zehaztu gabe utzi du bideojokogileak.
Bitartean, Platinumetik prestatzen duenaren zain daudela adierazi dute: “Bideojokoen industriak berarekin nola jarraitzen ikusi nahi dugu”.
Iruzkinak