Lehena beldurrezko abentura izango da; bigarrena, Metal Gear Solid estiloko akzio eta espioitza titulua. Ez daukate kaleratze datarik.
Beyond the Strand topaketa antolatu du Hideo Kojima sortzaile japoniarrak Kojima Productions taldearen 10. urteurrena ospatzeko. Tokioko Roppongi Hills auzuneko Toho zinemetan bildu ditu jarraitzaileak estudioaren iraganari eta etorkizunari buruz hitz egiteko: tartean, hurrengo OD zein Physint obren berritasunak eskaini ditu.
2023. urte bukaeran ezagutu genuen OD beldurrezko abentura. The Game Awards-etan erakutsitako bideoan aktoreak ezagutu genituen, eta, Knock izeneko aurrerapen trailer berrian, ordutik honako eboluzioa ikusi ahal izan dugu: Sophia Lillis aktorearekin erakutsitako lehen planoek sekulako ekoizpen maila agerian jarri dute.
Jokoan ardaztuta, trailer zinematikoak ez digu balio izan jokagarritasuna ezagutzeko; halere, beldurrezko tituluak Kojimaren Konami garaietan horren ezaguna eta horren tamalgarria bilakatu zen P.T. interesgarriarekin antzekotasun handiak edukiko dituela pentsa dezakegu. Lehenengo pertsonan, gela misteriotsu batean kandelak pizten dabil protagonista, bitartean gauza bitxiak jazotzen dabiltzala.
Errito ilunak eta bestelakoak aipatzen dira, beldurtientzako aukerakoa izango ez dela argi utzita: “Jokalari eta garrasilari guztientzat” dela diote. ODk ez dauka kaleratze datarik, zoritxarrez, ezta baieztatutako plataformarik ere. Xbox Game Studios markapean argitaratuko du Kojimak: multiplataforma jauzia eman dutela ikusita, Xbox, PC zein PlayStation gailuetan ikus dezakegu.
Physint, bestalde, iazko otsaileko State of Play aurkezpenean ezagutu genuen: kasu honetan, PlayStationen babesarekin prestatuko du bideojokoa Kojimak.
“Hemen dator sentipena” lelopean, posterra utzi digu garatzaileak: Solid Snake espioiaren antzeko arropak daramatzan —gabardinarekin— protagonista ageri da bertan. Izan ere, Metal Gearren oinordeko bilakatzera datorren lana da, itxura batean, Physint, akzioa eta espioitza batuz.

Aktore nagusiak ere baieztatu ditu japoniarrak. Charlee Fraser, Don Lee eta Minami Hamabe aktoreek parte hartuko dute proiektuan: lehen iragarpena Columbia Pictures zinema estudioetatik egin zutenez, punta-puntako teknologia erabiliko dutela pentsatzekoa da.
Beste behin, Physintek ere ez dauka argitaratze datarik edo plataformarik.
Death Stranding-en filma
Orain arte kaleratutakoak hartuta, Kojima ezin izan da bere berpizkundea ahalbidetu zuen Death Strandingez ahaztu. Bigarren bideojoko arrakastatsua ekainean argitaratu zuen PlayStation 5 kontsolan, eta, bere unibertsoa hedatzeko asmoarekin, Death Stranding Mosquito animazio filma aurkeztu du.
Hiroshi Miyamoto izango da zuzendaria, eta ez digu Sam Porter Bridges ekarriko. Horren ordez, protagonista berri misteriotsuaren pausoak jarraituko ditugu.
Azkena: Death Stranding Mosquitok ez dauka estreinatze datarik oraingoz.
Iruzkinak