Titanfall-en sortzaile ohien tituluak hiru jokalariko bi talde jartzen ditu elkarren aurka. Tiroak eta magiak ikusiko ditugu lehen pertsonako ikuspegian.

Wildlight Entertainment estudioak Highguard kaleratu du ordenagailuetan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan. Jokalariak jokalarien aurka jartzen dituen lapurreta (raid) tiro jokoa dohainik estreinatu da.

Egileen arabera, “modalitate berria” eratu dute tiro jokoen generoan. Hiru jokalariz osatutako bi talde lehiatuko dira partidetan. Hasi bezain laster, base edo gotorleku mota desberdina hautatu beharko du talde bakoitzak —lau aukera eskainiko dira lehia hasterakoan—: hori defendatzea izango da helburu nagusietako bat.

Aldi berean, aurkarien basea babesten duen ezkutua suntsitzea eta bertako altxorrak lapurtzea bilatu beharko da. Horretarako, zaindari desberdinen artean aukeratuko dugu: itxura zein botere anitzekin, berezko indarguneak eta ahulguneak dituzte. Are gehiago, ekipamendu desberdinekin jokatzeko estiloa aldatzeko gai izango gara, arma nahiz objektu sorta zabalarekin.

Heroiak pistolariak izango dira, baina baita aztiak ere: tiroak zein magia nahastuko dira bideojokoan. Izotzezko harresiak eraiki ditzakegu, esaterako, babesteko zein tiro artean egingo zuloetatik kontraerasora jotzeko: garatzaileek diotenez, nahiz eta genero ugari elkartu, tiro jokoa izango da funtsean.

Tamaina handiko mapak zeharkatuko ditugu altxor bila aritzerakoan: zaldi gainean igoko gara lurraldeak ziztu bizian gurutzatzeko. Ezkutu suntsitzaile (shieldbreaker) izeneko ezpataren bila joko dute bi taldeek; hau da, arerioaren ezkutua apurtzeko gai den tresnaren bila. Esplorazioa gailenduko da partiden lehen fasean, ekipamendua zein baliabideak hobetzeko altxorren bila aritzea sarituz.

Highguard polemika artean iritsi dela esan daiteke. Joan den abenduko The Game Awards sari banaketako “azken iragarpen” handia izan zen: Geoff Keighley kazetariak horrela aurkeztu zuen, nahiz eta talde ezezagunak garatutako bideojoko ezezaguna den.

Atzo iluntzean estreinatu zenetik balorazio ezkorrak biltzen ditu Steam plataforman: benetan joko eskasa den, edo kexak TGA ekimeneko aurkezpenari lotuta ote dauden jakitea geratzen da orain. Oraingoz, aldibereko 97.249 jokalari biltzea lortu du PCko bertsioan.

PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan joka daiteke Highguard, doan.