Urtarrilean estreinatutako doako tiro jokoak ez ditu behar adina jokalari biltzea lortu. Azken eguneratzea argitaratuko dute gaur.

Highguarden zerbitzariak betiko itxiko ditu Wildlight Entertainment taldeak. Martxoaren 12an desagertuko da bideojokoa.

Urtarrilean kaleratu zen PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan. Sare sozialetan partekatutako mezuaren bitartez, egileek “ez direla gai izan jokalarien oinarri jasangarria epe luzera begira eratzeko” adierazi dute.

Estreinaldi interesgarria izan bazuen ere, ordenagailuko bertsioan aldibereko 97.249 jokalari biltzea lortuta, zifrak azkar batean jaitsi ziren, eta erabiltzaileen aldetik kexak eta kritikak jaso zituen doako PvP lapurreta multijokalariak.

Egia esan behar bada, hype-a The Game Awards ekitaldiko azken iragarpena izateagatik eragin zuen Highguardek; dirudienez, Geoff Keighley kazetariari ikusitakoa gustatu, eta bere ekimeneko azken ezustekoa izateko adostu zuen egileekin.

Itxieraren albisteak ez du inor ezustean harrapatu, duela aste batzuk Wildlightekoek lantaldearen gehiengoa kaleratu zutela ezagutu baikenuen. Asmoa, orduan aipatu zutenez, “garatzaileen nukleoa mantenduta jokoa eusten eta berrikuntzak gehitzen jarraitzea” zen.

Azken gaurkotzea garatzeko baino ez dute lortu bizirik eustea: gaur edo bihar Warden pertsonaia nahiz arma berria, abilezia zuhaitzak eta erabiltzaile kontuaren jarraipenak gordetzen dituen aukera biltzen dituen adabakia argitaratuko dutela diote arduradunek, jokoa behin betiko agurtu aurretik “ahal den bitartean azken partida handietan” parte hartzeko.

Highguard martxoaren 12an desagertuko da PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetatik.