Wildlight Entertainment-ek urtarrilean kaleratutako doako bideojokoak ez ditu aurreikusitako emaitzak eskuratu.
Wildlight Entertainment Highguarden enpresak kaleratzeak baieztatu ditu. Itxura batean, lantaldearen gehiengoa kanporatzea erabaki du.
Alex Graner garatzaileak LinkedIn plataforman utzitako mezuaren bidez iritsi zaigu berria; ondoren, estudioak sare sozialetan zabaldu du mezua. Diotenez, “gure taldeko hainbat kide alboratzeko erabaki gogorra” hartu dute, tartean, “garatzaileen nukleoa mantenduta jokoa eusten eta berrikuntzak gehitzen jarraitzeko”.
Lantaldea murriztuta, Highguarden etorkizuna iluna da. Doako lapurreta (raid) tiro jokoa urtarrilaren 26an kaleratu zen PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan. Lehen egunetan aldibereko 97.249 jokalari biltzea lortu bazuen ere (Steam plataforman), iritziak oso ezkorrak izan ziren lehen unetik, eta egunotan 3.500 jokalari baino ez ditu batu.
Jokoarentzako eduki gehiago prestatzen zebiltzan, baina Granerrek argitaratutako testuan irakur daitekeenez, “argitaratu gabeko eduki mordoa” zegoen bideojokoarentzat; antza, hauek alboratu egin dituzte.
Lander Unzueta
Iruzkinak