47 agentearen abentura urtarrilaren 20an estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Stadian.
IO Interactivekoak gogor lanean ari dira. Orain egun batzuk James Bond protagonista izango duen Project 007 jokoa aurkeztu zuten, baina horren aurretik akzioa eta isilpean aritzea batuko dituen Hitman 3ren argitalpenerako prestatzen ari dira. 47 agentearen azken abenturaren ezaugarri guztiak nabarmendu dituzte aurkezpen trailer batekin.
Ohi bezala 47ren misioetako izarrak jokalariek bisitatuko dituzten kokaleku desberdinak izango dira. Horiek jostagarritasun aukera berriak eskainiko dituzte betebeharreko helburuak gainditzeko, jokalariek horretaz baliatzeko esploratzen badute behintzat.
Hala ere, hiltzaile profesionalen artean maisu izanik 47 agenteak mota guztietako arma eta tresna bereziak izango ditu eskura.
Glacier Engine motor grafikoak belaunaldi berrian ahalbideratuko dituen ezaugarriak aipatu dituzte IOekoek. 4K-ko bereizmena, 60 irudi segundoko tasa, HDRa eta denbora karga murriztuez gain, kokalekuetan une berean 300 pertsonaia agertzea posible izango dela diote.
Aurreko jokoetako leku eta misioak hirugarren atalera eraman ahalko dira gainera, aipatutako hobekuntza grafiko eta teknikoekin jokatzeko.
PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series X, Xbox One, Google Stadia eta PCan merkaturatuko da Hitman 3 2021eko urtarrilaren 20an. Nintendo Switcherako bertsioa ere prestatzen dabiltza, baina hau hodei bidez jokatuko da: Interneteko konexio egonkor eta azkarra ezinbestekoak izango da era honetara modu egokian jokatzeko.
Iruzkinak