Harry Potter aztiaren unibertsoan girotutako bideojokoa PC-ra zein kontsola guztietara iritsiko da 2023an.
Hogwarts Legacy datorren urtean helduko den bideojokorik desiratuenetakoa da. Ez da harritzekoa, Potterzaleen munduan murgiltzeko aukera bikaina izango dela baitirudi. Hori jakinda, Warnes Bros. Games-eko arduradunek 45 minutuko aurkezpen sakona egin dute, tituluaren xehetasun guztiak aditzera emanez.
Hogwarts ikastetxera iritsi berri den azti edo sorgin gaztean bilakatuko gara Legacyn. Hori horrela, lehenik eta behin egingo duguna gure pertsonaia sortzea izango da. Editoreak eskainiko dizkigun aukerak erakutsi dituzte Avalanche Softwareko garatzaileek bideoan: orrazkerak, aurpegi formak, apaingarriak… eta, nola ez, Hogwartseko etxea izango dira hautatzeko elementuetako batzuk.
Protagonista eratuta, ikastetxeko ikasgelak, jangela nagusia, korridoreak, lurrak eta askoz gehiago esploratzeari ekingo diogu. Aurkezpenean argi utzi dutenez, mundu ireki erraldoia izango da Legacykoa, eta nahi bezala zeharkatuko dugu: oinez ibiliko gara, bai, baina baita erratzaren zein hipogrifoaren gainean ere.
Atal grafiko ikusgarrian azpimarratu dute kokaleku desberdinak erakusterakoan. Gaztelu barruko gelak xehetasun guztiekin eratuta daude; plazer hutsa da, adibidez, etxe desberdinetako gela nagusiak ikustea. Esan bezala, ez gara bakarrik Gryffindor-ekoan ibiliko, gainerakoenak ere bisitatuko ditugu. Gauza bera gertatzen da Hogwartseko lurrekin, baita urrunago dauden tokiekin ere; izan ere, Hogsmeade herrixkan ibiltzeko aukera ere egongo da.
Are gehiago: Hogwartseko ikasturte osoa biziko dugunez, urtaro desberdinak ikusiko ditugu jokoan. Egun eta gau zikloa ere badago, beraz aniztasuna nagusi izango dela dirudi.
Mundu irekia aipatuta, ezinbestekoa da helburuz eta misioz betetako mapari buruz hitz egitea. Bideoan ikus daitekeenez, ikurrez betetako minimapa edukiko dugu uneoro; antzeko mundu askeko bideojokoen eskema jarraituko du Hogwarts Legacyk, misio nagusiak nahiz bigarren mailakoak batuta. Horietan erabakiak oso garrantzitsuak izango dira: gure pertsonaiak erantzun desberdinak eman ahalko ditu, adiskideak zein istorioa aldatzea lortuta.
Esplorazioaz gain, borroka mekanikak sakon ezagutzera emateko aprobetxatu dute Avalanchekoek. Zelan ez, aztikeriak eta madarikazioak erabiliko ditugu hauetan: izpiak jaurtitzea, kokalekuetan sakabanatutako elementuak hartzea eta botatzea, ezkutuak sortzea dira, besteak beste, egin ahalko ditugunak. Are gehiago egongo dela aurreratu dute arduradunek, baina momentuz aipatu gabe uztea erabaki dute.
Bukatzeko, tituluaren izarretako bat Zereginen Gela izango da. Potterzaleek ondo ezagutuko duten toki hau guretzat bakarrik izango dugu bideojokoan: hau nahi bezala apaintzeko aukera edukiko dugu abenturan zehar eskuratzen joango garen objektuekin.
Hori baino garrantzitsuagoa da, baina, pizti magikoen zaintzarako minijokoa. Sonic Adventure-tako Chaos Garden ezaugarriaren antzekoa izango dela esan daiteke: bertan animali desberdinak zaintzeari ekingo diogu. Ez da denborapasa hutsa izango, hauekin denbora pasaz gero objektu bereziak lortuko baititugu.
Argitaratze data desberdinak
Hogwarts Legacyren ezaugarri guztiak aipatuta, plataformak eta kaleratze data nabarmentzeko unea heldu da. Honen inguruan ere berriak eskaini ditu Avalanche Softwarek: guztira lau argitaratze data izango ditu bideojokoak.
Lehenik eta behin, PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetako bertsioak merkaturatuko dira. Aurretik adierazitako modura, 2023ko otsailaren 10ean estreinatuko dituzte Warner Bros Gamesekoek; hala eta guztiz ere, Hogwarts Legacy Deluxe Edition bertsioa erosten dutenek hiru egun aurretik jokatu ahalko dute, otsailaren 7an.
Bigarrenik, PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletako bertsioak jasoko ditugu. Hauek apirilaren 4an kaleratuko dituzte.
Azkenik, Nintendo Switch-eko bertsioa izango dugu: ekainaren 25ean merkaturatuko dutela agindu dute garatzaileek.
Modu horretara, bideojokoak azkenik jaso ditu behin betiko datak plataforma guztietarako. Hogwarts Legacyk hainbat berandutze jasan ditu: 2021erako iragarri ondoren, aurten estreinatzea aurreikusten zuten Avalanchekoek.
Iruzkinak