Hogwarp proiektua Skyrim Together-en talde berberarena da. Helburua zortzi jokalariko partidak antolatzera iristea da.

Harry Potter aztiaren unibertsoan girotutako azken bideojokoak, Hogwarts Legacyk, astebete eskas baino ez dauka. Hala ere, mod sortzaileen komunitatea dagoeneko proiektu interesgarriak prestatzen hasia da Avalanche Software-n eta Warner Bros Games-en titulua oinarri hartuta: horien artean multijokalarian aritzeko moda nabarmentzen da.

Hogwarp deitua, Skyrim Together mod ezaguneko lantaldea HLrekin antzeko ideia proposatzera dator. Hau da, hainbat lagunekin batera sorginen eta aztien tunikak jantzita nahiz makilak hartuta Hogwarts Magia eta Aztikeria Ikastetxetea eta bere inguruak esploratzea zein abenturak bizitzea.

Nahiz eta Avalanchen lana orain egun batzuk kaleratu den, mod sortzaileek dagoeneko Hogwarpen lehen bertsioa edo proba kaleratu dute; nola ez, arazo eta bug mordoa ditu, baina dagoeneko lagun batekin Hogwartsen elkartzea posible da. Proba hau, zoritxarrez, sortzaileen Patreon harpidetza bidez eskura daiteke momentuz.

Garatzaileen azalpenak irakurrita, ez da harritzekoa modaren alfa bertsioa horren azkar prestatzea; izan ere, Yamashi izeneko sortzaileak iaz argitaratutako Stray ezagunean lan egin zuen. Zein da Hogwartsekin duen lotura? Unreal Engine motor grafikoaren bertsio bera erabiltzen dutela: UE 4.27.2, hain zuzen ere.

Oraingoz, baina, oinarriak probatzen eta funtzionarazten dabiltzala dio Yamashik: erabiltzaile bakoitzaren pertsonaiak bere itxura fisikoa izatea, animazioak nahiz NPC-ak berberak izatea jokalari desberdinentzat, eta abar. Helburu nagusia multijokalariak zortzi lagunentzat modu egokian funtzionatzea da, hori bai.

Oinarriak prestatuta eta guztiak modu aproposean funtzionatzea lortzen badute, arduradunek argi daukate: moda kode irekikoa izango da, eta nahi duenak ekarpenak egiteko eta aldaketa gaineratzeko aukera edukiko du.

Horretarako oraindik hainbat hilabete falta dira, gutxienez: proiektua luzerako doala aurreikusten du arduradun nagusiak. Dena den, otsailean Hogwarpen “lehen bertsio funtzionala” prest edukitzea aurreikusten du Yamashik.

 

Estreinaldi ikaragarria

Hogwarts Legacy joan den ostiralean merkaturatu zuten Warnerrekoek —asteazkenean, Deluxe Edition-eko sarbide aurreratua kontuan hartzen badugu—. Oraindik oso goiz da lehen salmentak ezagutzeko, baina Steam-eko datuak ikusita sekulako estreinaldia izan duela ikus dezakegu: lehen egunetan aldibereko ia 900.000 jokalari bilduta, Elden Ring bezalako munstroen parera iritsi da.

Ez hori bakarrik, Erresuma Batuko salmenta fisikoei begiratu diete GamesIndustry agerkarikoek: aipatzen dutenez, Elden Ringen salmentak zeharo gainditu ditu, ia bikoitza saltzea lortuta. Hori guztia, HL egungo belaunaldian bakarrik kaleratu dela kontuan hartuta; salmenta fisikoen % 82 PlayStation 5 kontsolan izan dira, eta gainerako % 18 Xbox Series kontsoletan.

Oraindik gainerako kontsoletan ikustea falta zaigu, beraz: Hogwarts Legacy apirilaren 4an kaleratuko da PlayStation 4-an eta Xbox One-n. Nintendo Switch-eko bertsioa ere jasoko du: uztailaren 25era arte itxaron beharko dugu probatzeko. Bitartean, PC-an, PS5ean eta Xbox Seriesetan joka dezakegu.