State of Play aurkezpen berezia eduki du Avalanche Games-en proiektuak. PlayStation, Xbox eta PC plataformetan estreinatuko da.
Itxaronaldi luzea jasan behar izan dute Harry Potter aztiaren unibertsoaren jarraitzaileek, baina azkenik eduki dute Hogwarts Legacy desiratuaren lehen jostagarritasun irudiak ikusteko aukera. Esploratzeko gaztelu erraldoia, magia eskolak, borrokak, abenturak eta askoz gehiago bilduko ditu gabonetan estreinatuko dela agindu duten bideojokoak.
Guzti horren berri eman dute PlayStationekoek antolatutako azken State of Play aurkezpenean. Ia 20 minutuko iraupenarekin, horietatik 14 jostagarritasunari zuzendutakoak izan dira. Bideoan tituluaren alor guztiak aurkezteari ekin diote: makila magikoen borrokak, erratz gaineko hegaldiak, edabeen prestakuntza, adiskidetasunak, istorioa, Hogwarts barruan nahiz kanpoan ezagutuko ditugun tokiak eta askoz gehiago nabarmendu dituzte Avalanche Gameseko arduradunek.
Hori horrela, mundu ireki erraldoia izango dela baieztatu dute: jokalari bakarrarentzako akziozko RPG abentura izango da. Hogwartsekin batera Hogsmeade herria, debekatutako basoa zein bestelako kokalekuak ikus daitezke aurkezpenean. Jokoan aurrera egin ahala urtaroak aldatzen joango dira gainera: toki berberak elurrez beteta edo udaberrian lorez gainezka ikusiko ditugu, aldaketa benetan nabarmenekin. Guztiak, sekulako atal grafiko ikusgarriarekin. Bideoan erakutsitakoak PlayStation 5 kontsolaren garapen kitarekin funtzionatzen zuela adierazi dute garatzaileek, eta emaitza benetan adierazgarria da.
Jokalariek beren pertsonaia hauta eta alda dezakete. Emakumezkoa edo gizonezkoa izango den erabakita, pertsonaien editorea erabilita hainbat ezaugarri aukeratzen ibiliko gara bai jokoaren hasieran nahiz ostean. Hogwartseko etxe desberdinetako kidea izan ahalko da: Gryffindor, Slytherin, Ravenclaw edo Hufflepuff etxeen artean hautatuko dugu.
1800. urtean girotuko da bideojokoa; hortaz, ez ditugu Harry Potterren liburuetako pertsonaia ezagunenak ikusiko Hogwarts Legacyn. Halere, gazteluko kokaleku esanguratsuenak hor egongo dira: jantoki handia, etxeetako egongelak eta zelaiak, esate baterako.
Borroken aldetik, aztikeria sorta zabala eskura izango dugula dirudi. Saihesteak, kontraerasoak eta akziozko obretako beste ohiko mugimendu mordoa egongo da: alor hontan sakon lanean dabiltzala esan daiteke. Gainera, gure pertsonaiak ahalmen bereziak lortzeko edabeak erabili ahalko ditu. Ikusezina edo harrizkoa bilakatzea dira aurkezpenean aipatutako ezaugarrietako batzuk. Laguntza inbokatzea posible izango da baita: mandragora landare batekin etsaiak zorabia daitezke, adibidez.
Adiskideen sistemak Persona bezalako jokoak gogora ekarriko ditu. Hogwartseko hainbat ikasleren lagunak egin ahalko gara: bakoitzak bere istorioa dauka, eta harremana gero eta estuagoa izaten doala abentura bereziak biziko ditugu hauekin. Dueluetan lagungarriak izango dira, eta aztikeria bereziak erakutsiko dizkigute.
Gure txokoa edukiko dugu gazteluan, gainera. Hau pertsonalizatzeko elementu desberdinak bildu eta nahi bezala antolatuko ditugu. Bertan edabeetarako osagarriak haziko eta gure ahalmenak indartuko ditugu.
Ikusten den bezala, ezaugarri eta mekanika mordoa bilduko ditu Hogwarts Legacyk. Ikusteko dago Avalanche Gamesekoek guzti horiek maisutasunez batuko duten bere bideojokoan.
Gabonetan ikusiko dugu: urte honen bukaeran kaleratuko dute Hogwarts Legacy. PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetara iritsiko da.
Iruzkinak