Atal tekniko mugatuarekin, azaroaren 14an estreinatuko da Nintendo-ren kontsola hibridoan gainerako plataformetatik igaro ondoren.
Jokalari asko eta asko urte hasieratik jokatzen dabiltzanez, erraza da 2023ko titulurik handienetako bat ahaztea. Hogwarts Legacy aurten kaleratu da, baina azken bertsioa falta du oraindik: Switchekoa. Nintendoren kontsolan zer moduz ikusiko den ezagutzera emateko irudiak erakutsi ditu Warner Bros. Games taldeak.
Mugatutako atal teknikoarekin jokatu behar izan dute, zelan ez, gailu indartsuenetan argitaratutako abentura 2017ko kontsola txikira eramateko. Bereizmenean, testuretan eta irudi kalitatean ikus daitezke aldaketarik nabarmenenak; hala eta guztiz ere, Switcherako maila bikaina erakusten du Hogwartsek.
Bideoan ikustea geratzen zaigu orain; izan ere, errendimenduaren inguruan daude zalantzarik handienak. Segundoko irudien tasa ezagutu behar da, baita hori modu finkoan mantentzeko gai izango diren ikusi.
Switcheko moldaketa prestatzeko arazoekin ibili dira Warnerrekoak: port-a uztailaren 25ean merkaturatzeko asmoa zeukaten hasiera batean, baina maiatzean azarora berandutzeko erabakia iragarri zuten. Horrela, azaroaren 14an kaleratuko da azkenik.
Ganorazko bertsioa nahiko dute. Harry Potter aztiaren unibertsoak zale kopuru harrigarria biltzen du Japonian, beraz bertako kontsolarik salduenarentzako port aproposa argitaratzea gakoa izango da.
Dena den, otsailetik argitaratutako bertsioekin salmenta apartak lortu dituzte: merkaturatu osteko bi asteetan hamabi milioi joko baino gehiago salduta, 2023ko lehen seihilabeteko obrarik arrakastatsuena izan zen. Une honetan hamabost milioi salmentak gainditu dituzte, Switcheko bertsioaren zain dauden bitartean.
Avalanche Software estudioak garatutako mundu irekiko abentura da Hogwarts Legacy. Nola ez, laneko protagonista handia Hogwarts magia eta aztikeria ikastetxe ezaguna da; 1700. urteko gaztelua ezagutuko dugu, baita inguruko lurrak bisitatu ere, Hogsmeade herrixka barne.
Gure aztia edo sorgina sortu, eta Gryffindor, Slytherin, Hufflepuff zein Ravenclaw etxeen artean hautatu beharko dugu. Borrokak, esplorazioa, puzzleak eta gidoi landua uztartzen ditu tituluak.
Esan bezala, Hogwarts Legacyren Switcheko bertsioa azaroaren 10ean argitaratuko da. PCan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan joka daiteke dagoeneko.
Iruzkinak