Team Cherry-ren metroidvania desiratuak bideo berria jaso du. Hornet protagonista berriarekin erresuma misteriotsua esploratu beharko dugu.

Hollow Knight: Silksongek kaleratze data jaso du. Irailaren 4an argitaratuko da Team Cherryren titulua ordenagailuetan zein PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan.

Iragarpena joan den astean burutu zuten, aldez aurretik bideo berezia zetorrela aditzera emanda —baita Gamescom azoka europarreko Opening Night Live ekimenetik igarota ere, bertaratu zirenei duela zazpi urteko demoa probatzeko aukera eskainita—. Bi minutuko trailerra utzi ziguten, azken urteotan prestatutakoak aurkeztuz, eta mundu berrian barneratzeko gogoak areagotuz.

Premisa berbera errepikatzen dute australiarrek: bi dimentsioko metroidvania zabala dugu bigarren Hollow Knight. Obra originalean ezagutu genuen Hornet izango da, hasiera batetik jakin dugun bezala, Silksongen protagonista. Hori dela eta, botere nahiz abilezia berriak jasoko ditugu: mugikortasuna areagotu da, hasteko, denetariko akrobaziekin eta eraso zein jauzi bizkorrekin.

Sorgindutako erresumaren gailurrera igotzea aginduko zaio Horneti; bidean, nola ez, oztopoak eta etsaiak ugariak izango dira. Eskuz sortutako mundu ederrean 200 arerio arrunt eta 40 buruzagi baino gehiago txertatu dituzte. Zifra harrigarria, baina aurreko HKn ere antzeran ibili zirela gogoratu beharra dago. Artisautza sistema inplementatu dute, gainera, Silksongen: Hornet tresna eta objektu desberdinak sortzeko gai izango da, baina horretarako baliabideak batzea ezinbestekoa da.

Eduki gehigarriak ere aipatu dituzte egileek. Dirudienez, datozen hilabeteotan eta urteotan argitaratuko dituzte, baina oraindik ez dakigu aurrekoaren DLCekin hartutako bide berbera jarraituko duten; izan ere, HKren espantsioak doakoak izan ziren, gune, arerio, abilezia eta erronka berriak gehituta.

 

Oztoporik gabe, patxadaz

Ibilbide luzea egin dute Team Cherrykoek. Hollow Knight originalaren azken eduki gehigarria zen, jatorriz, Silksong: Kickstarter kanpainan parte hartu zutenei agindu zitzaien azken helmuga. Denbora igaro ahala, proiektua hazten joan zen, ordea, azkenean berezko bideojokoa izateraino. 2019ko otsailean iragarri zuten bigarren atala, eta, ordutik hona hainbat irudi eta trailer erakutsi badituzte ere, informazioa urria eta eskasa izan da, orokorrean.

Ez da, baina, garapenean arazoak eduki dituztelako izan. Bloomberg atarian argitaratutako elkarrizketan aipatzen dutenez, “ondo pasatzen” aritu dira. “Ez gara inoiz trabatuta geratu”, diote, “beti aurrera egin dugu”. Izan ere, azken zazpi urteotan ez da berandutzerik egon, inoiz ez baita kaleratze datarik zehaztu: “Talde txikia gara, eta bideojokoek denbora luzea hartzen dute”.

Halako garapen epe luzeak ez dira ohikoak; are gutxiago, indie taldeentzat. Lehen jokoarekin lortutako arrakastari esker hartu dituzte nahi beste urte: Hollow Knight originalak 15 milioi salmentak gaindituta, Team Cherry bezalako talde txikiarentzat —hiru garatzaile, eta musikaria— diru iturri esanguratsua izan da. Horrela, gauzak patxadaz eta gustura egiteko aukera edukitzea ospatu dute australiarrek.

Hollow Knight: Silksong PC, PS5, PS4, Switch, Switch 2, Xbox Series eta Xbox One gailuetan estreinatuko da irailaren 4an.

 

Originala, euskaraz!

Silksongen zain gabiltzala, jatorrizko Hollow Knight euskaraz gainditzeko aukera daukagula aipatzea ezinbestekoa da. 2023 hasieran burutu zuen itzulpen lan erraldoia Ibai Oihanguren zaleak: hizketaldiak, etsaien zein objektuen deskribapenak, sakrabian zehar sakabanatutako aztarnak… alegia, testu guztiak lokalizatu zituen gure mintzairara.

Itzulpena ez da ofiziala, beraz, ordenagailuetan soilik erabil dezakegu Oihangurenek egindakoa. Bere webgunean aurkituko ditugu Windows zein GNU/Linux sistema eragileetan erabiltzeko fitxategiak: instalazioa sinplea eta erraza da, ez dago aitzakiarik! Ez hori bakarrik: bideojokoaren hiztegia zein mapa ere biltzen ditu Ibaios.eus atariak.