2026an musutruk jasoko dute jokoa erosi dutenek. Gune berria, buruzagiak eta gehiago agintzen ditu Team Cherry estudioak.

Hollow Knight: Silksongentzako lehen DLCa ezagutarazi du Team Cherry australiarrak. Sea of Sorrow izenpean, Hornet protagonistaren abenturako edukiak zabalduko dituen espantsioa izango da.

“Gune berriak, buruzagiak, tresnak eta gehiago!”, azaldu dute egileek euren webgunean argitaratutako prentsa ohar ofizialean. Diotenez, Horneten abenturak itsasoetara bideratuko dituzte: xehetasun garrantzitsuenak isilpean gorde dituzte, baina eduki gehigarria “estreinatu baino pixkat lehenago” informazio gehiago aditzera emango dute Cherrykoek.

Hori bai: “jokalari guztientzako doakoa” izango da… Silksong erosita dutenentzat, noski. 2026an estreinatuko da.

Lifeblood misteriotsuari lotutako istorioa kontatuko digutela dirudi. Lehen jokoan ezagutu genuen, Zaldunarekin, baina Horneten abenturetan are sekretu gehiago azaleratu dira; batzuk, beldurgarriak. Kostaldeko DLCan horiek argitzeari ekingo diogula pentsa dezakegu.

Eduki gehigarria iragartzearekin batera, beste datu esanguratsua utzi digute Hollow Knighten arduradunek: Silksongen zazpi milioi ale saldu dituzte. Benetako salmentak omen dira, horiez gain Game Pass zerbitzuaren bitartez Silksong gainditu duten milioika jokalari daudela aipatzen da-eta.

Irailean iritsi zen Hollow Knight: Silksong PCra zein kontsola nagusietara. Game Erauntsian ikaragarri gustatu zitzaigun metroidvania abentura; hauxe nabarmendu genuen gure analisian:

Hollow Knight: Silksong espero genuena eta are gehiago da. Mundu zabala, misteriotsua eta ederra ezagutzera eramango gaitu, duelu zein jauzi zailekin, bai, baina sagaren zaleek gogo handiz gozatuko dituztenekin.

Hollow Knight: Silksong – Sea of Sorrow 2026an estreinatuko da PCan zein Nintendo, PlayStation eta Xbox kontsoletan. Joko originala dutenek dohainik jasoko dute espantsioa.

 

Berritasunak originalarentzat

Team Cherrykoek, ospakizunekin jarraitzeko asmoarekin, Hollow Knight originalaren bertsio eta eguneratze berriak ere iragarri dituzte. Hasteko, Nintendo Switch 2 kontsolarako edizioa kaleratuko dute datorren urtean.

Switch originaleko jokalariek doan eskuratuko dute adabakia, kontsola berria izanez gero. Azaldu dutenez, Silksongek Switch 2an jasotako hobekuntza berberak iritsiko dira originalera; hau da, segundoko fotogramen tasa altuagoak, areagotutako bereizmen aukerak zein efektu grafiko ugari aipatzen dira.

Ez dira horretara mugatuko, ordea: egungo gainerako plataformetako jokalariek ere hainbat hobekuntza biltzen dituen gaurkotzea ikusiko dute. PCra iritsi da jada, beta bertsioan bada ere: Steam zein GOG saltokietan kaleratutako beta adabakiak 16:10 edo 21:9 pantaila formatuentzako euskarria, aginteentzako Unity Input System euskarria, eta dozena bat zuzenketa nahiz hobekuntzak dakartza.

Hemen irakur daitezke berrikuntza guztiak.