Team Cherry-ren metroidvania desiratuari lotutako oihartzunik handieneko kexak zailtasunari buruzkoak dira. Oreka eta akats zuzenketak ere inplementatuko dituzte.

Hollow Knight: Silksong kaleratu da jadanik, eta, balorazio bikainak eskuratzen ari bada ere, jokalari askorentzat zailegia izaten ari da. Hori dela eta, Team Cherrykoek zailtasun mailari begirako aldaketak iragarri dituzte.

Adabakia beta bertsioan jaitsi dezakegu jadanik Steam zein GOG plataformetan, baina datozen egunetan plataforma guztietan kaleratuko dutela aurreratu dute australiarrek.

Inplementatuko dituzten aldaketa nagusiak akats zuzenketak izango badira ere, joko hasierako zailtasuna mugatzeko erabakiak hartu dituzte. Spoiler-etan gehiegi sakondu gabe, ekonomiari lotutakoak dira esanguratsuenak.

Hasteko, partida gordetzeko bankuak eta bestelakoak desblokeatzeko beharrezkoak diren arrosario bihien —hau da, Pharloom erresumako diruaren— zenbatekoa merketuko da. Jokalari asko dira Pharloomeko bizitza garestiegia dela aldarrikatzen dutenak, eta, aurrerapenak egitea lortu ondoren, gorde ezinik geratu direnak. Bigarrenik, misio desberdinak burutzearren lortuko ditugun arrosarioen zifra ere aregotuko da.

Arduradunek etsai nagusi pare baten aurkako dueluak erraztuko dituzte, gainera: abenturaren lehen orduetan garaitu beharko ditugun Moorwing eta Sister Splinter buruzagien erronka latzegia da, eta zailtasun maila “pixkat” jaitsiko omen dute.

Bukatzeko, aipatutako akats zuzenketak datoz. Denetarikoak daude: diotenez, retroaktiboki inplementatuko dira, beraz, jokoan aurrera egitea eragozten dizun akatsen batekin topo egin baduzu, beta probatzera animatzen dute. Hemen irakur daiteke txukunketen zerrenda osoa.

Ez da prestatzen dabiltzan eguneraketa bakarra. Bigarren adabakian are zuzenketa gehiago gaineratuko dituztela diote: “Arazoren bat badaukazu, eta konponbidea ez badago zerrendan, agian horretan lanean gabiltza dagoeneko”.

 

Arrakasta hutsa

Joan den ostegunean estreinatu zen Silksong, eta hasiera batetik igarri genuen bere eragina: Steam, Nintendo eShop, PlayStation Store zein Xbox Store saltoki digitalak erorita eta arazoekin ibili ziren Hornet-en abentura hasi zen unean.

Zifra ofizialak ezagutu gabe, Steamen aldibereko 587.150 jokalari batu dituela dakigu; noski, salmentak are esanguratsuagoak dira, erabiltzaileen datu ez ofizialak profil publikoetatik baino ez baitira hartzen —eta, halere, ezin dezakegu jakin zenbatek erosi duten zehazki—.

Ez da harritzekoa, jokoaren inguruko ikusmina sekulakoa izan baita —eta 19,5 euroko prezioa, oso erakargarria—. Iragarri zutenetik ia zazpi urte igaro dira, eta ordutik hona ezer gutxi jakin dugu Hollow Knight maisulanaren jarraipenaren inguruan. Aurkezpen handi guztietan zerbait berria ikustea espero zuten zaleek, baina, azkenean, Team Cherryren emanaldi bereziarekin ezagutu genuen kaleratze data, jokoa merkaturatu baino bi aste lehenago.

Silksong gure artean da jadanik, bai, baina Hollow Knight originala ere bere eztandaz baliatu da: egunotan saltoki desberdinetako titulurik salduenen artean kokatu dela ikusi ahal izan dugu. Zaldunaren abenturari PCan ekin nahi badiozu, jakin euskaraz goza dezakezula: Ibai Oihanguren zaleak obra originala osorik itzuli zuen 2023an, eta Windows zein GNU/Linux sistema eragileetan erabil dezakegu bere webgunean eskaintzen duen euskaratzea.