Android, iOS zein PC plataformetan kaleratuko da bihar HoyoVerse-n titulua. Etorkizunean PlayStation kontsoletan ere jokatu ahalko da.
Genshin Impact arrakastatsuak milioika jokalari biltzen jarraitzen badu ere, HoyoVerse txinatarra dagoeneko unibertso berean, baina desberdintasun nabarmenekin girotutako Honkai: Star Rail argitaratzeko prestatzen ari da: bihar bertan jokatu ahalko dugu. Motorrak berotzen joateko, nola ez, argitalpen trailerra zabaldu dute arduradunek.
Txandakako RPG abentura izango da Star Rail; hau da, mekanikoki ez du zerikusiri handirik izango ez aurreko Honkaiekin, ez Genshin Impactekin. Espazio zabalean girotuta egongo da: tren bati esker planeta batetik bestera bidaiatzen ariko gara gure taldearekin.
Hiru Honkai joko originaletan bisitatutako unibertso paraleloa ezagutuko dugu oraingoan: bertan pertsonaia berriak nahiz aurretik ikusitakoen bertsio desberdinak aurkituko ditugu. Esate baterako, Bronya, Himeko, Kafka edo Seele itzuliko dira, besteak beste.
Hori bai, ohiko anime estetika itzuliko da, sekulako atal grafikoa erakutsita —batez ere gailu mugikorretarako jokoa dela kontuan hartzen badugu—. Grafikoetan hobekuntza esanguratsuak nabari daitezke aurreko jokoekin alderatuz gero; ez da harritzekoa, oraingoan ez baikaude mundu irekiko abenturaren aurrean. Horrez ordez, elkarrekin konektatuta dauden gune txikiak esploratzen ibiliko gara oraingoan.
Ohi bezala, hauek gacha elementuen bidez desblokeatuko dira: bideojokoa guztiz doakoa izango den arren, aurreko tituluetan egin modura pertsonaiez zein bestelako ezaugarriez gozatzeko jokoaren moneta edo benetako dirua erabil daitezke.
Bideojokoa Android zein iOS gailu mugikorretan merkaturatuko da bihar: ohiko saltokietan aurkituko dugu. Horiez gain, PCan ere joka dezakegu Star Railen: HoyoVersek berezko launcher-a prestatu du jokoa deskargatu eta abiatzeko, baina Epic Games Store plataforma ere eskainiko dute. Aurrekarga abian da plataforma guztietan: webgune ofizialean jarri dituzte esteka guztiak.
Plataformen arteko gordetako partidak ahalbidetuko dituzte jokoan; hori dela eta, etxean ordenagailu bidez jokatzen ibili ondoren kalera irten eta mugikorrean partida berarekin jarraitu ahalko dugu.
PlayStation kontsoletan ere estreinatuko da; hala ere, bertsio hauek “laster” kaleratuko dituztela diote arduradunek, datarik zehaztu gabe.
Iruzkinak