PlayStation Studios-en eta Guerrila Games-en abentura Burning Shores espantsioarekin eta hainbat hobekuntzekin estreinatuko da ordenagailuetan.
PlayStationek iaz iragarri zuen Horizon Forbidden West arrakastatsuaren PCko bertsioa. Orain, kaleratze data zehaztu du: martxoaren 21ean ekingo diete ordenagailuko jokalariek Aloy-ren azken abenturei.
Irailean PlayStation 5ean estreinatutako Forbidden West Complete Edition jasoko dute PCkoek: Guerrila Gamesen azken jokoak jasotako eduki gehigarri guztiak bilduko ditu. Horien artean garrantzitsuena Burning Shores espantsioa da: abentura originalean jazotakoak jarraitzen ditu.
Nola ez, era guztietako hobekuntzak ikusiko ditugu atal teknikoan. Prentsa oharrean Nvidia DLSS 3, Nvidia DLAA eta Nvidia Reflex ezaugarriak erabili ahalko dituela aipatzen dute Nixxes Software-koek: eurek arduratuko dira PCko bertsioaz. Gainera, AMD FSR eta Intel XeSS teknologientzako euskarria ere prestatuko dute.
Pantaila zabalentzako zein superzabalentzako (21:9 eta 32:9) euskarria ere izango du Horizonek, baita monitore hirukoitzarentzat (48:9) ere. Aukera grafiko anitzekin batera segundoko irudien tasa mugagabearekin jokatzeko aukera nabarmentzen da.
Kontrolei dagokienez, teklatuarekin eta saguarekin ibili ahalko gara etorkizuneko mundu hondatua esploratzen, noski, baina PS5aren DualSense agintearen funtzio guztiak ahalbidetuko ditu PCko bertsioak.
Zalantza handia, baina, baldintza teknikoei lotutakoa da: PlayStationekoek oraindik ez dituzte gutxieneko zein gomendatutako baldintzak iragarri, baina zalantza guztiak “datorren asteetan” argitzeko asmoak dituzte. PS5eko jokorik ikusgarrienetakoa izanik, PC indartsua beharko da behar bezala mugitzeko.
Horizon Forbidden West 2022an kaleratu zen PS5an; Burning Shores espantsioa, berriz, 2023an. Balorazio bikainak lortu ondoren, Complete Editiona iazko irailean heldu zen PlayStationera.
PCan, esan bezala, martxoaren 21ean ikusiko dugu Horizon Forbidden West Complete Edition.
State of Play aurkezpena, gaur
Playstationekoek eguna bukatu aurretik egingo dute State of Play aurkezpena. Hamabost joko baino gehiago erakutsiko dituzte 40 minututan; oraingoz, Stellar Blade eta Rise of the Ronin baieztatu dituzte.
Hala eta guztiz ere, PS5erako tituluekin batera PCko hurrengo jokoa agertzeko aukerak daude: insider-en arabera, Until Dawn beldurrezko jokoaren bermasterizazioa iritsiko zen bi plataformetara.
Iruzkinak