Complete Edition deitutako bertsioa PS5erako ere iragarri dute: urriaren 6an estreinatuko da. Jatorrizko jokoa 2021ean merkaturatu zen.

Horizon Zero Dawn sarituaren jarraipena ordenagailuetan estreinatuko da. Horizon Forbidden Westen PCko bertsioa iragarri dute PlayStation-ek eta Guerrilla Games-ek: 2024 hasieran argitaratuko dute eduki guztiekin. Horrela, Burning Shores deitutako espantsio erraldoiarekin helduko da.

Complete Edition izenpean argitaratuko dute, eta Steam nahiz Epic Games Store saltokietan eskuratu ahalko dugu: dagoeneko jokoaren fitxak publiko egin dituzte plataformotan.

PCko jokalariek port-aren arduraduna nor den jakin nahiko dute. Lasai egon daitezke, Nixxes Software baita Forbidden West ordenagailurako prestatzen dabilena; alegia, PlayStationek halako moldaketak sortzeko bereziki bereganatutako estudioa.

Eurak izan dira, besteak beste, Marvel’s Spider-Man zoragarrien PCko bertsioak eratu dituztenak; aurretik, baina, Tomb Raider berrien trilogiaren portak garatu ditu Utrecht-eko taldeak.

Oinarrizko jokoa eta espantsioa biltzen dituen bertsioa ez da PCko esklusiboa izango: urriaren 6an PlayStation 5 kontsolan merkaturatuko dute.

Espantsioaz gain era guztietako edukiak bilduko ditu Horizon Forbidden Westen Complete Editionak. PlayStation Blog-ean arte liburu, komiki zein soinu banda digitalak, bideojokoan erabiltzeko erropa bereziak eta argazki modalitarerako keinuak aipatzen dituzte.

Lehen abenturako protagonistaren rola beteko dugu bigarrenean: Aloy-rekin mundu apokaliptikoa esploratuko dugu. Arriskurik handiena, baina, futurista da: dinosauro itxuradun robot erraldoiak aurkituko ditugu. Oraingoan mendebaldera bidaiatuko dugu; zehazki, AEBtako kostaldera. San Frantzisko eta Los Angeles hiriak —edo horietatik gelditzen dena— bisitatuko ditugu.

2020an estreinatu zen jatorriz PS5eko bideojokoa, balorazio bikainak lortuta. Nabarmentzekoa, baina, bere atal grafikoa da: ez dituzte baldintzak zehaztu, baina PC indartsua beharko dugu mugitzeko.

Datorren urtera arte daukagu, beraz, prestatzeko: Horizon Forbidden West Complete Edition 2024 hasieran kaleratuko da PCan. Aurretik PS5eko jokalariek jasoko dute edizio berezia.