PS5ean eta PCan estreinatuko da: beta probaldia abiatuko dute hilabete bukaeran.

PlayStationek Guerrila estudioaren bideojoko berria aurkeztu du: Horizon unibertsoan girotutako Hunters Gathering abentura kooperatiboa.

PlayStation 5 kontsolan zein ordenagailuetan estreinatuko da bideojokoa. Proposamenari dagokionez, hiru laguneko taldeak osatuta, dinosauro robotikoak akabatzen, altxorrak biltzen eta denetariko misioak gainditzen ariko gara hainbat modalitate desberdinetan zehar.

Kooperatiboa eta roguelike mekanikak nagusituko badira ere, kanpaina eta istorioa ere eskainiko dituela aurreratu dute egileek hamar minutuko aurkezpenean. Machine Incursion izeneko olatuen eta erasoaldien modalitatea edo Cauldron Descent erronkaz betetako ziega handia erakutsi dituzte.

Ehiztari mota desberdinen artean hautatuko dugu gure pertsonaia sortzerakoan: noski, bakoitzak abilezia zein arma bereziak edukiko ditu, itxuraz gain. Mapa zabaletan erronka anitzak gainditzerakoan, indargune eta ahulgune zehatzak dituzten piztiak garaituko ditugu taldelanean, erasotzen zein adiskideei laguntzen; esaterako, ezkutuak edo eremu erasoak erabil ditzakegu.

Horizon originalen estetikatik aldentzen da jokoa, estilo estilizatuarekin eta koloretsuarekin. 2022an entzun genituen Hunters Gatheringen lehen zurrumurruak; dirudienez, Guerrila barneko proiektu txiki gisa hasi zen, pixkanaka-pixkanaka talde nagusiaren arreta erakarrita.

Argitaratze datarik gabe, beta probaldia bideratzen hasiak dira arduradunak: hilabete honen bukaeran abiatuko dute. PS5ean zein PCan izena eman daiteke dagoeneko esteka honen bitartez.