Sonyren bideojokoa Playstation 4ko esklusiboa izan da. PCko bertsioa The Frozen Wilds espantsioarekin helduko da.
Hainbat zurrumurruren ostean, Sonyk eta Guerrillak Horizon Zero Dawn PCrako argitaratuko dutela iragarri dute. Orain arte Playstation 4rako bideojoko esklusiboa izan dena 2020ko udan helduko da ordenagailuetara.
Hermen Hulst Playstation Worldwide Studioseko buruak eman du berria markaren blogean. Guerrillako arduradun ohia zenak “are eta pertsona kopuru handienari Playstation marka ezagutzera emateko” helburua nabarmendu du. Gainera, Horizon Zero Dawn PCrako joko “aproposa” dela azaldu du.
Playstationeko beste esklusiboei buruz ere aritu da Hulst. Adierazi duenez, Sonyren “first-partya den joko AAA bat PCan argitaratzeak ez du beste guztiekin berbera gertatuko denik esan nahi”. Halere, Guerrillaren arduradun ohiak ez du aukera hori guztiz baztertu.
Bideojokoak dagoeneko Steam saltokian agertu da. Arduradunek bertan zehaztu dutenez, oinarrizko jokoarekin batera The Frozen Wilds espantsioa ere jasoko dute PCko jokalariek.
Iruzkinak