White Owls taldearekin elkartu da 2024an merkaturatuko duten roguelike metroidvania garatzeko.
Xbox-ek Tokyo Game Show azokaren aterpean egindako aurkezpenak bideojoko ezagunak berriz erakusteko balio izan du batik bat, baina ezustekoak ere egon dira. Zuzenekoaren bukaeran Goichi Suda “Suda51” garatzaile ezagunaren —No More Heroes eta Chainsaw Lollipop tituluen arduraduna, besteak beste— obra berria iragarri dute: Hotel Barcelona.
Suda51k aurkeztu arren, bideojokoa White Owls taldeko Hidetaka Suehiro “Swery65” —Deadly Premonition-en burua— sortzaileak zuzenduko du. 2019an hitz egin zuten lehen aldiz Hotel Barcelonari buruz; lau urteren ostean, azkenik erakutsi dituzte lehen irudiak.
Orain lau urte Devolver Digital argitaletxearekin elkarlana abiatuko zutela iragarri zuten garatzaileek: Devolverrekoek ez zekiten ezer, beraz auskalo txantxetan ibili ote ziren. Dena den, dirudienez ez dute indie banatzailearen laguntzarik lortu, edo bideoan ez zaio aipamenik egiten, behintzat.
Amerikako Estatu Batuetan girotuko da —ez gara Bartzelonatik ibiliko, ez—; zehazki, jokoari izena jartzen dion hotelean. Slasher generoko filmeak hartuko ditu oinarritzat: beldurra eta odola ardatz edukiko ditu jokoak. Beldurrezko joko bezala jaio bazen ere, 2.5D estiloko akzio abentura izango da.
Misio bakoitzean beldurrezko film desberdinetan oinarritutako hiltzaileen aurka egin beharko dugu: harakin erraldoia, kirolari zonbiea, panpinak, estralurtarrak eta bestelakoak aurkituko ditugu Bartzelona hoteleko zazpi solairuetan. Metroidvania kutsu pixkat izango duela dirudi, baina akzioa izango da nagusi Hotel Barcelonan: sekulako sarraskiak eragingo ditugu gure etsaien artean aiztoak eta pistolak erabilita.
Roguelike mekanikak ere uztartuko dituela pentsa dezakegu. Garatzaileek gure iraganeko bizitzek egungo erronkak gainditzen laguntzeko mekanikak aipatu dituzte, beraz roguelikeen oinarrietatik joko dute ziurrenik jokagarritasuna fresko eta interesgarri mantentzeko.
Oraingoz ez dauka argitaratze data zehatzik: halere, 2024rako kaleratzea aurreikusten dute. Plataformei dagokienez, Xbox Series eta PlayStation 5 kontsoletarako egongo dela aipatu dute oraingoz, baita PCrako ere.
Iruzkinak