Returnal eta Resogun obren sortzaileek lantaldea handitu egingo dute akordioari esker. Hurrengo lana prestatzen ari dira dagoeneko.

Sony-koek bideo-jokogile gehiago biltzen jarraitzen dute. Ez da harritzekoa: industriako arerioek bide hori hartu dute azken urteetan, eta beraz japoniarrek ere antzerako ibilbideari ekin diote. PlayStation-ek bereganatutako azken estudioa ez dator ezustean: Housemarque garatzailea PlayStation Studios-eko kide izatera igaro da.

Estudio finlandiarrak elkarlan luzea darama PlayStationekin. Resogun bezalako esklusiboak argitaratu izan dituzte, eta beraien azken lana, Returnal, PS5-erako esklusibo handietako bat izan da, Sonyren babespean garatutakoa.

Hermen Hulst PlayStation Studioseko buruak eman du berria PlayStation Blog bidez: “Housemarquen jarraitzaile sutsua izan naiz estudioaren lehen egunetatik, PlayStationeko zaleei Super Stardust HD eskaini zigutenean. Returnal-en argitalpenak Housemarque sekulako ikusmena duen estudioa dela adierazten du, gure komunitatearekin bat egiten duten bideo-joko gogoangarriak sortzeko gaitasuna duena. Beraien etorrerak PlayStation Studiosen sormen indarra sustatzen du, eta ezin dut itxaron etorkizunak zer eskainiko dien ezagutzeko”.

Ilari Kuittinen Housemarqueko sortzaileak ere parte hartu du artikuluan. “Oso pozik” agertu da PlayStation Studiosekin bat egiteagatik, eta akordioak estudioari “etorkizun argia eta egonkortasuna” eskainiko diola azpimarratu du. 26 urteko ibilbidea eduki duen estudioak “inolako mugarik gabe” sortu dezakeena erakusteko gogotsu azaldu da Kuittinen.

Hulst eta Kuittinen Famitsu aldizkari japoniarrean ere izan dira are datu gehiago eskaintzeko. Bertan adierazi dutenez hitzarmena 2020an eratzen hasi ziren, baina Returnalen argitalpenagatik atzerapenak jasan ditu. Estudioa handitu egingo dela adierazi dute bertan, eta dagoeneko hurrengo jokoan lanean hasi direla iragarri dute arduradunek.

 

Bluepoint-ekin ere gauza bera?

Dirudienez, Housemarque ez zen izango PlayStationek azkenaldian bereganatutako estudio bakarra. PlayStation Japoniak iragarpena egiterakoan zabaldutako irudian Housemarquen logoaren ondoan Bluepoint Games garatzailearen irudia agertzen zen “ongi etorri familiara” hitzekin; zabaldutako irudi hori ezabatzeari ekin diote jarraian.

Bluepointek ere Sonyrekin hainbat elkarlan egin ditu azken urteetan. Demon’s Souls-en PlayStation 5erako remakeaz arduratu dira, eta aurretik Shadow of the Colossus-ekin ere gauza bera egin zuten.