AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak pribatutasun urraketak eta publizitate iruzurrak egotzi dizkio HoYoVerse enpresari.
HoYoVerse estudioa akordio batera iritsi da Amerikako Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalarekin (FTC) euren jokoetako edukiekin iruzur egiteagatik. Genshin Impact, Honkai: Star Rail eta Zenless Zone Zero bezalako obra arrakastatsuen egileek 20 milioi dolarreko isuna ordainduko dute.
Adingabekoen pribatutasun urraketak eta publizitate iruzurrak dira, zehazki, AEBetako Justizia Departamentuak aurkeztu zuen demandan HoYoVersi egotzitakoak.
Pribatutasunari dagokionez, hamahiru urtetik beherako erabiltzaileen datuak gordetzen zituztela aldarrikatzen dute estatubatuarrek. Ez hori bakarrik, informazioa hirugarrenen enpresekin partekatzen zutela adierazten da salaketan, aldez aurretik inolako baimenik eskatu gabe.
Publizitate arloan egindako iruzurrak Genshin Impacten eskainitako altxor kutxen edukiengatik eta sistemagatik datoz. Hainbat iruzur egiten dituztela azaltzen da demandan: adibidez, kutxetan bost izarreko maila handiko objektuak lortzeko aukera handiak daudela adierazten da jokoan; gainera, joko barneko moneta berezia erabiltzeak benetako baliotik aldentzea dakarrela ondorioztatzen dute justizia departamentutik; bukatzeko, altxor kutxen sistema nahasgarria eta konplexua dela kritikatzen da, batez ere, “haurrentzat nahiz nerabeentzat ez dela bidezkoa” aldarrikatuta.
Akordioak isuna baino gehiago dakar. HoYoversek ezingo dizkie altxor kutxak saldu hamasei urtetik beherako jokalariei euren erantzuleen baimenik gabe. Are gehiago, kutxa bakoitzarekin lor daitezkeen sarien informazioa eskaini beharko dute, baita benetako diruarekin zuzenean erosteko aukera ahalbidetu ere. Jokalarien datuen aldetik, legez kanpoko edozein informazio ezabatu beharko dute.
Hori bai, nahiz eta akordioa ixtea erabaki duten, arduradunek ez dituzte egotzitako salaketak onartzen edo ukatzen.
Gacha jokoen erregeak
HoYoVerse enpresa Singapurren kokatutako miHoYo txinatarraren nazioarteko taldea da. Euren zerbitzu erako bideojokoak gacha ezaugarriengatik dira ezagunak; hau da, pertsonaiak, abileziak eta bestelakoak eskaintzen dituzte ausazko edukiak biltzen dituzten altxor kutxetan. Hauek, orokorrean, mikroerosketen bidez eskuratzen dira.
Egileek ez dute irabazien datu zehatzik eskaintzen; hala ere, hirugarrenen iturrien arabera, HoYoVersen tituluak gacha jokoetan arrakastatsuenak dira. 2024ko urriko azken datu ez ofizialak aztertuta, Genshin Impact daukagu lehen postuan nazioartean, 52.800.000 dolarreko irabaziekin hilabete horretan. Atzetik dauka Honkai: Star Rail 43.300.000 dolarreko etekinekin; Zenless Zone Zero pixkat urrutiago geldituko litzateke, 15.500.000 dolarreko irabaziekin urrian.
Iruzkinak