Yoshihiro Togashi mangakaren obra ezaguneko taldekako borroka jokoa izango da. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratuko dute Bushiroad eta Arc System Works taldeek.
Hunter x Hunter manganimearen hurrengo jokoa udan estreinatuko da. HxH: Nen x Impact uztailaren 17an iritsiko dela jakitera eman du Arc System Works argitaletxeak.
Bushiroad estudioak garatutako 2.5 dimentsioko borroka jokoa taldekakoa (tag team) da; hortaz, Marvel vs Capcom edo Dragon Ball FighterZ bezalakoetan ikusitako mekanikak erabiliko ditu, hiru borrokalariko bi talde elkarren aurka jarrita.
Gon, Killua, Kurapika eta Leorio protagonistekin batera datoz Hisoka, Netero, Biscky, Kite, Meruem eta beste hainbat pertsonaia ezagun. Talde aproposak osatzea gakoa dela diote egileek, hirukote indartsuenen sinergiak aztertzea garrantzitsua dela adierazita.
FighterZk egin bezala, konbo automatikoak egiteko aukera egongo da rush combo izeneko mekanikarekin; hau da, botoi bakarra zanpatuta mantenduz hasiberrientzako mugimendu ikusgarriak prestatu dituzte.
Tokiko multijokalariarekin batera sare bidezko borrokak bizitzeko aukera egongo da. Gainera, kanpainan Hunter x Hunterreko borrokarik gogoangarrienak gogoratuko ditugu: erronka txikiz osatutako dueluak izango direla dirudi.
Greed Island-eko kartak batzen ariko gara, bukatzeko: itxura batean, borroketan abilezia eta estatistika bereziak eskuratzeko balioko digute.
Hamasei borrokalari ikusiko ditugu jokoaren argitalpenarekin batera; hala eta guztiz ere, arduradunek lehen eduki gehigarriak iragarri dituzte dagoeneko. Lau pertsonaia berri iritsiko dira denboraldiko lehen pasean: lehena Neferpitou izango da, eta udazkenean gaineratuko da dueluetara.
Hunter x Hunter: Nen x Impact PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan kaleratuko da uztailaren 17an.
Iruzkinak