Tiroketa frenetikoak eta akatu beharreko askotariko deabruak biltzen ditu. PC-ra iritsi da Steam bidez.
Sorath garatzaile australiarrak lan berria argitaratu du ezustean. Devil Daggers famatuaren jarraipena da: Hyper Demon izenarekin, aurreko atalean ikusitakoa maila berrira eramateko asmoarekin prestatu dute.
Akzio psikodelikoa eta frenetikoa da, hortaz, jokoaren erabateko protagonista. Prestatutako trailerra ikusita argi geratzen da ez dela edonori zuzendutako titulua: efektu estroboskopiko mordoarekin, dueluak eromen hutsa dira Hyper Demonen. Hori bai, atal grafikoa ikusgarria zein liluragarria da; kolore biziak eta izaki beldurgarriak ikusten ariko gara behin eta berriro.
“Etsaiak geroz eta azkarrago akatu, jokoa zailagoa izango da, eta zure puntuazioa, altuagoa”, diote garatzaileek Steameko deskribapenean. “Amaiera bat dago. Ikusiko ote zaitu?”. Behin eta berriz hiltzea ohikoa izango da. Aurreko jokoan ikusi bezala, partida batzuek segundo eskas gutxi batzuk baino ez dituzte iraungo.
Mekanika sinpleak eta minimalistak aurkituko ditugu: zoratzeko tiroketak izango direnez nagusi, ez dugu kolpekaria askatuko. Bidea errazteko hobekuntzak eta indartzaileak lortuko ditugu, hori bai: harribitxiekin gure tiroak indartuko ditugu, eta hainbat bilduta eraso berezi ikaragarriak erabiliko ditugu.
Berritasunen aldetik ikuspegiarena nabarmentzekoa da. Izan ere, 180 graduko ikuspegiarekin jokatu ahalko da, modu horretara ahalik eta arerio kopururik handiena begi bistan edukitzeko. Are gehiago: arriskuak eta erasoak 360 graduko eremuan nabaritzeko eta aurreikusteko sistema ere prestatu dute. Ez dugu atsedenik hartuko, ikustekoa denez.
Hyper Demon PCan estreinatu da, momentuz behintzat —saguarekin jokatzera bideratuta dago, azken finean—: esan bezala, Steam plataformaren bitartez goza daiteke.
Iruzkinak