Hyper Light Drifter-en roguelite abentura izango da. 2023an estreinatuko da: momentuz PC-rako soilik baieztatu dute.

Heart Machinekoek proiektu berria aurkeztu dute ezustean: Hyper Light Breaker. Izenak dioen bezalaxen, Hyper Light frankiziako hurrengo atala izango da. Oraingoan Overgrowth deitutako eskualdea bisitatuko dugu “munstro zitalak akatzeko, build berriak sortzeko, Crowns misteriotsuei bizirauteko eta Abyss King-i tronutik kentzeko”.

Hyper Light Drifter bikaineko —IbaiOS zaleak euskaratutakoa, bide batez— girotzearekin jarraituko du beraz Breakerrek, baina aldaketa handiak gaineratuta. Hasteko eta behin, Solar Ash-ekin probatutako hiru dimentsioko atal grafikoarekin jarraituko dute Heart Machinekoek: irudietan mundu eder eta koloretsua ikus daiteke. Bigarrenez, roguelite erako abentura baten aurrean gaude: behin eta berriz hiltzen eta berriro saiatzen ariko gara titulu honetan.

Akzioa izango da nagusi Breakerren: gure pertsonaia sortzeko aukera armetara eta abilezietara luzatuko da. Mugikortasuna ardatza izango da, gainera: kokalekuetatik mugitzeko era guztietako mekanikak ikusiko ditugu. Hormetatik lasterka eginez ariko gara eta hoverboard-a nahiz planeagailua edukiko ditugu.

Bakarka jokatzeko abentura ez ezik, lagunekin gainditzekoa ere izango da. Sare bidezko joko kooperatiboa baieztatu dute lehen aldiz Heart Machinekoek.

Garatzaileen arabera, bideojokoa ez da Drifterren aurrekoa edo jarraipena izango istorio aldetik. Estetika, hariak eta beste hainbat gauza partekatuko ditu Breakerrek horrekin, baina abentura independentea izango dela dirudi.

Hortaz, argi dago ezaguna dugun mundu batean aldaketa handiak prestatzen ari direla. Oraindik horiek probatzeko itxaron egin beharko dugu, ordea: 2023ko udaberrian sarbide goiztiarrean estreinatzea aurreikusten da.

Momentuz PCrako bakarrik baieztatu dute; Hyper Light Breakerrek bere fitxa dauka jada Steam plataforman —aurreko Solar Ash Epic Games Store-ko esklusiboa da oraindik—. Hala ere, ikusteko dago ea plataforma gehiagotara iritsiko den.