Team Reptile garatzaile independenteak Bomb Rush Cyberfunk arrakastatsuaren oinordekoa aurkeztu du. Kontsoletan eta PCan jokatuko dugu.
Hyperfunk iragarri du Team Reptile estudioak. Cel shading estetika erabilita, Jet Set Radio-ren mekanikak eta oinarriak hartuko ditu underground giroko skaterrak eta grafitiak sarean biltzeko.
Ez da garatzaile independenteak JSR-ren oinordekoa sortzen duen lehen aldia; izan ere, Hyperfunk berria Bomb Rush Cyberfunk sarituaren jarraipena dela esan daiteke. Trikimailuak, grafitiak eta irristatzeko bide desberdinak eskainiko baditu ere, aldaketa handiak agintzen dituzte aurreko jokoarekin alderatuta.
Taularen, patinen edo BMX txirrinduen gainean igota trikimailuak egiten, puntuak lortzen eta gure motxilarentzako turboa eskuratzen ariko gara Hyperfunken. Modu horretara, hiria nahi bezala esploratu ahalko dugu, bakarka edo lagunekin.
Hor dator aldaketa handia: sareko funtzionalitateak nagusituko dira jarraipenean. Hyper izeneko online guneak gidatzen du gizartea mundu honetan, baina benetako errealitatean grafitilari taldeek elkarren aurka borrokatzen dute, mundu berria norbere erara interpretatuz, ideologia eta estilo desberdinak erabiliz.
“Estilo gudu dinamikoak” agintzen dituzte egileek, non grafitilari taldeek hiriko gune desberdinak kontrolatzeko borrokatuko duten. MACH10 izeneko taldearekin batera, kaleak margotzea izango da helburua, ahalik eta horma gehien hartuta, polizia iritsi aurretik alde egiteko. Jet Set Radio zein Bomb Rush Cyberfunk jokoetan ikusitakoa, alegia, online, eta lagunekin nahiz ezezagunekin.
Argitaratze datarik gabe, Hyperfunk kontsoletan —hauek ere zeintzuk izango diren zehaztu gabe geratu dira egileak— eta PCan ikusiko dugu.
Iruzkinak