Jainkotiar piztiak kontrolatuko ahalko dira musou jokoan. Azaroaren 20an estreinatuko da.
Nintendok eta Koei Tecmok Hyrule Warriors: Age of Calamityren demoa prestatu dute Switcherako. Ustekabean zabaldutako azken Nintendo Direct Minian jakitera eman zutenez, bideojokoaren froga jaisteko prest dago eShop saltoki digitaletik.
Demoan egindako aurrerapen guztiak AoCren azken bertsiora pasako direla nabarmendu dute arduradunek. Hau da, bertan gainditutako misio guztiak gordeta geratuko dira, jokoa erosi eta partidarekin jarraitzeko asmoa dutenei berriz gauza berberak errepikatu beharra saihesteko.
Gainera, trailer berria aurkeztu zuten. Bertan ikusi daitekeenez jainkotiar piztiak kontrolatzeko aukera egongo da. Izaki erraldoi hauekin arerioak arazorik gabe akatuko dituzte heroiek.
Musou erako joko horretan ehundaka arerioren aurka egingo dute Link, Zelda eta gainerako txapeldunek. 2017an estreinatutako Breath of the Wildek kontatzen duen istorioa baino 100 urte lehenago egongo da oinarrituta Koei Tecmoren lana.
Hyrule Warriors: Age of Calamity azaroaren 20an kaleratuko da Nintendoren kontsola hibridorako.
Iruzkinak