Azaroaren 20an estreinatuko da ezustean iragarritako Koei Tecmoren eta Nintendoren arteko elkarlana.
Nintendok Hyrule Warriors: Age of Calamity iragarri du ezustean. Koei Tecmorekin elkarlanean, jatorrizko Hyrule Warriorsen ostean argitaratutako The Legend of Zeldaren bigarren musou jokoa izango da.
Breath of the Wilden kontatutako istorioaren aurrekariak azalduko dira bertan. Eiji Aonuma Zeldaren ekoizleak azaldu duenez bertan “hondamendi handian jazotakoa biziko dugu”.
Horrela, Hyruleko erreinuko heroien eta Ganonen indarren aurkako gerran parte hartuko dute jokalariek. Ohi bezala, Koei Tecmoren musouetako eskala handiko gudak izango dira jokoaren ardatz nagusia: ehundaka arerioren aurka egingo dute jokalariek.
Argitaratze data oso hurbil dago: azaroaren 20an estreinatuko da Switcherako.
Iruzkinak