Sormena, biziraupena eta esplorazioa bilduko ditu, Minecraft edo Veloren bezalako tituluen elementuak bereganatuta. “Laster” iragarriko dute PCrako argitalpen data.
Hypixel Studio taldeak desagertutako Hytale RPG abentura berpizteko asmoa iragarri du. Aurretiazko sarbidean kaleratuko da, oinarriak eraberrituta.
Riot Games League of Legends edo Valorant bideojokoen enpresak bereganatu zituen Hypixel Studio zein Hytale 2020. urtean. Hala eta guztiz ere, ekainean proiektua alboratzeko erabakia hartu zuten Riotekoek. Simon Collins-Laflamme Hypixeleko arduradunak, baina, Hytale berriz erosi, eta orain arte prestatutakoarekin jarraitzeari ekin dio.
Minecraft edo Veloren tituluekin antzekotasun handiak dituen abentura da Hytale —baita, hein batean, TES bezalako RPGekin—. Horrela, prozeduralki eratutako voxel munduak esploratzeari eta arakatzeari ekingo diote jokalariek, borroketan parte hartuz, baliabideak bilduz eta denetarikoak eraikiz lehen nahiz hirugarren pertsonako ikuspegiarekin.
Aurretiazko sarbidea “laster” kaleratzea da asmoa —datorren astean ezagutuko dugu data—, baina Hypixelekoek eduki urriekin estreinatuko dela aurreratu dute; izan ere, “duela lau urteko bertsio (build) baten gainean funtzionatzen du”. Indar betean dabiltza, halere: 50 bat garatzaile kontratatu berri dituztela diote arduradunek.
Data isilpean gordeta daukaten arren, prezioak iragarri dituzte: Hytalen oinarrizko edizioa 20 eurotan argitaratuko da. Eduki kosmetikoak gehitzen dituzten edizioak ere ezagutzera eman dira.
Mod eszena ere aipatu dute egileek. “Mugarik gabe hedatzeko” proiektua izatea gura da, eta, horretarako, Hytale bere nukleotik modding-era bideratuta egotea bilatzen dute: jokoan ageri den edozein elementu aldatzeko aukera edukiko du komunitateak.
PCan estreinatuko da, hasiera batean, Hytalen aurretiazko sarbidea. Windows sistema eragilerako ikusiko dugu lehenik, baina GNU/Linux eta MacOS sistemetara eramateko asmoa agertu dute Hypixelekoek.
Lander Unzueta
Iruzkinak