TLR Games-ekoek Steam bidez kaleratuko dute beren puzzle jokoa: “laster” estreinatuko da.

Orain gutxi ezagutu genuen hurrengo euskal bideo-jokoa: TLR Games estudio bilbotarraren ideia berria da IDEA. Puzzle sinple baina bereziak proposatzen ditu, sormenari eta partekatzeari garrantzia eskainita. Jokoaren mekanika nagusiak azaltzeko bideoa prestatu dute arduradunek.

Norbere ideiak zabaltzeko balioko duen bonbila bat gidatu beharko dute jokalariek; ikuspegi zenitalarekin, Olli Huttunen zinemagilearen 4K bereizmeneko paisaiak erabiliko ditu jokoak. Pantaila bakoitzean oztopoak birritan ezabatzeko aukera izango dugu; ez badugu lortzen, bonbila bertan geratuko da.

Horrek ez du esan nahi egindako lana alferrikakoa izango denik. Bonbila horretan ideia, hausnarketa, abestia, bertsoa edo orokorrean, nahi duguna, sartuko dugu aurretik; trabatatuta gelditzen bada ere, beste jokalari batzuek aurki dezakete, bertan gordetako ideia hauen artean partekatuta. Horiek gordetzeko aukera egongo da; jokalariek beren ideiak zenbat pertsonengana iritsi diren ikusi ahalko dute.

Proposamen berezi eta interesgarri hau “laster” argitaratuko dute TLR Gamesekoek: printzipioz Steam plataforma bidez merkaturatuko dute PC-an.