Daniel Muriel soziologoak ‘gamer’ identitatearen ertzen inguruko gogoeta sakona egiten du liburu honetan.
Zer da ‘gamer’ bat? Zerk bihurtzen du norbait ‘gamerra’? Galdera horiek erantzuteko ahalegina egiten du esku artean dugun liburuak. Izenburu osoa Identidad gamer. Videojuegos y la construcción de sentido en la sociedad contemporánea da eta horixe bera da aztertzen duena: gaur egungo gizartean gure buruak bideo-jokozale bezala nola aurkezten ditugu.
Liburuaren autorea Daniel Muriel da, Deusto Unibertsitateko Aisiazko Ikaskuntzen Institutuko ikerlaria. Soziologian doktorea da eta identitateraren inguruko hausnarketak egiten ditu. Doktoretza amaitu ostean bere ikerketa objektua bideo-jokoei zuzentzea erabaki zuen. Geroztik, bideo-jokoen kultura soziologiatik aztertzen ibili da eta testu hau bere lanaren erakusle da.
Zer da ‘gamer” izatea?
Gamerra zer den deskribatzerakoan arazoak suertatzen dira kontzeptu hutsaren inguruan ez dagoelako adostasunik. Murielek adierazten duenez ikerlariek beraien teoriak plazaratu dituzte, baina bideo-joko jokalarien artean norbere burua eta bestearena identifikatzeko iritzi anitz daude. Murielek bere liburuan ‘gamerra’ definitzeko ahalegina egiten du eta guztira lau gamer mota aurkezten ditu: 1) gamer subkulturala edo hardcore gamerra, 2) casual gamerra, 3) foodie-connoisseur gamerra, bideo-jokoak kultura bezala ulertzen dutenak eta bukatzeko 4) ez-gamer kultural-intelektuala.
Gamer mota bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu, baina ohiko aldagaiak honakoak dira: bideo-jokoak jokatzen ematen den denbora, sektorearen gaurkotasuna jarraitzen ematen den denbora, jokatzen diren bideo-joko motak eta plataformak (ez da berdina kontsolan, ordenagailuan edota smartphone edo tabletetan jokatzea), bideo-jokoetan gastatzen den dirua eta bideo-joko iruzkinak egiteko prestutasuna. Gainera, gertatu daiteke gure bizitzaren garai batean aipatutako ezaugarri horiek betetzea eta hori aldatzea, denbora gutxiago dugulako edota interesa galdu dugulako.
Aldagai desberdin horietatik abiatuta etengabe errepikatzen den galdera bat agertzen da: guztiok gamerrak al gara? Hau da, bideo-joko bakar batera jokatzen baduzu, soilik nohizbehinka edota soilik zure smartphonean, gamerra zara? Murielek adierazten duen bezala, guztiok gamerrak bagara ez da beharrezkoa gure buruak gamer bezala identifikatzea. Eztabaida hor amaituko litzateke.
Baztertutako komunitateak bideo-jokoetan
Guztioak gamerrak garela onartuko bagenu bazterketa ez litzateke gertatuko. Alabaina, bideo-jokoen kulturaren baitan baztertutako komunitateak daudela jakina da. Esaterako, emakumeak edota LGTB komunitatea. Hauek ez dute bat egiten ‘gamer’ identitate hegemonikoarekin (gizona, gaztea, zuria eta heterosexuala) eta horrek beraien bazterketa eragiten du, batez ere online espazioetan.
Baztertutako komunitate hauei buruz egiten den gogoeta liburuko ekarpen esanguratsuenetarikoa da. Konkretuki Todas Gamers eta Gaymer kasuak aipatzen ditu. Espazio orokorretatik baztertzen diren heinean, komunitate hauek jarrera erreakzionarioa aurkezten dute eraso eta irainei aurre egiteko. Estrategia ohikoena ‘babestutako espazioak’ sortzea da, baina hainbat pertsonen aburuz, honek banaketa azpimarratzen du arazoa konpondu beharrean. Egoera honi aurre egiteko helburu hezitzaileekin lan egin behar da, espazio hegemonikoak ‘babesekoak’ bilakatzeko.
Emakumearen jazarpenari buruz ¡Protesto! Videojuegos desde una perspectiva de género liburuaren iruzkina argitaratu genuen.
Identitatea taldean eztabaidatuz
Liburuak metodologia bitxi eta esperimentala aurkezten du. Hasteko, Daniel Murielek liburu honen kapituluak Anait webgunerako idatzi zituen. Ondoren, blogean erabiltzaileek utzitako komentarioak bere testuetara gehitu zituen eta horien berridazketatik liburua sortu zuen.
Gamer identitatearen inguruko gogoeta teorikoari pertsona askoren iritzi, sentimendu eta noski, identitatearen interpretazioak gehitu zituen. Kasu batzuetan, esaterako baztertutako komunitateek jasotzen duten bortizkeriari buruz aritzerakoan, Murielek komentario oso gordinak jaso zituen eta horiek liburuan bildu ditu. Bideo-jokalari komunitatearen irudi hegemoniko horrekin bat egiten duten komentarioak dira horiek, matxistak, homofobikoak…, baina liburuak hori gainditzen du eta gamer identitatearen aniztasuna erakusten du.
Idazlea akademikoa dela oso argi geratzen da. Aipamen bibliografiko asko egiten ditu eta aldi berean ahalegin handia egiten du publiko zabalari bere testuak helarazteko. Ez da beharrezkoa soziologian aditua izatea testu hau ulertu eta gozatzeko, baina zalantzarik gabe kontzeptu teoriko anitz aurkituko ditugu. Testua arintzeko bideo-joko oso ezagunak erabiltzen ditu kontzeptu teoriko horiek azaltzeko, esaterako Watchdogs seriea (Ubisoft 2014-2020).
Idazleak batzuetan ideiak errepikatzen ditu edo antzekoak diren komentarioak aurkezten ditu bere argudioak azpimarratzeko. Aurrera eta atzera egiten du, kontzeptu berdinak landuz ñabardura berriak gehituz. Honek pixkat neketsua bilakatzen du irakurketa, baina bukaeran babesten dituen ideia nagusiak oso argi geratzen dira irakurlearentzat.
Eta euskaldunak zer?
Game Erauntsia Elkartearen oinarria euskara eta bideo-jokoak uztartzea den heinean, identitateari lotutako eztabaida planteatzen zaigu hasieratik. Gamer euskaldunak gara? Euskaraz bideo-joko gutxi daudenez gamerragoak gara euskaldunak baino?
Zaila da norberaren burua definitzea eta problematika horren inguruan aritzen da liburua. Murielek defendatzen du gaur egun post-identitateaz hitz egin behar dugula eta ez identitate hutsaz. Bizi dugun garai honetan gure identitateak sekuentzia txiki eta azkarretan oinarritzen ditugu, etengabe aldatzen ari garelarik. 'Twitter kulturari' lotuta gaude, mezuak motzak idazten ditugu, besteenak zabaldu eta hedatzen ditugun meme eta antzekoak nahikoak dira gure burua definitzeko.
Identitatea hain aldakorra bada, merezi du denbora identitatearen gaineko hain eztabaida sakonetara zuzentzea? Berriro ere hasierako galdera berdinera itzuli gara eta liburuak ez digu erantzun bakar bat emango, horren ordez, kontzeptu hain konplexu hau ulertzeko gakoak aurkituko ditugu.
Bideo-jokalariak ulertzeko liburua
Identidad gamer bideo-jokalarien kultura eta zehazki bideo-jokalarien komunitateak ulertzeko ezinbesteko liburu bat da. Besteak beste, bideo-jokoen arloan jazarpena zergatik gertatzen den ulertzen lagunduko gaitu.
Idazle akademiko batek zehaztasunez bildutako argudio teorikoak aurkituko ditugu modu ulerkor batean aurkeztutakoak. Liburuak hasieran planteatutako galderak erantzuten ditu eta aldi berean ez ditu erantzuten. Gaurko gizartearen erakusle hutsa da hori. Aldakorrak gara, ez gaude identitate bati lotuta eta gaur gamerrak garela sentitu dezakegu eta bihar gure identitatea zeharo desberdina den beste alor bati lotu.
- Izenburua: Identidad gamer. Videojuegos y la construcción de sentido en la sociedad contemporánea.
- Autorea: Daniel Muriel
- Argitaletxea: Anait Games
- Argitaratze urtea: 2018
Iruzkinak