Erakutsitako bideojokoen doako demoak eskainiko dituzte uztailaren 17ra arte.

Microsoft-ekoak indie garatzaileei begira jarriko dira. Horretarako ID@Xbox Digital aurkezpena berreskuratuko dute: bideojoko independenteetan ardaztutako zuzenekoa uztailaren 11n egingo da.

“Bideojoko berriak, trailerrak, jokagarritasuna, iragarpenak eta gehiago” bilduko dituztela diote Xboxeko arduradunek. 19:00etan hasiko dute zuzenekoa; IGN agerkariarekin elkarlana abiatu dutenez, hauen YouTube zein Twitch kate desberdinetatik jarraitu ahalko da.

Interesgarriena, baina, Summer Game Fest ekimenarekin batera abiatuko duten Summer Game Demo Fest izango da. Izenak dioen modura, demoak dira nagusi: doako ehundaka proba eskainiko dituzte Xbox Series X zein S eta Xbox One kontsoletarako.

Demoen jaialdia uztailaren 11tik 17ra bitartean ospatuko da. Oraindik ez dute titulurik zehaztu —hitzordua iritsi aurretik baten batzuk ezagutzera ematea espero da—, baina kasu honetan ere bideojoko independenteak izango dira ardatz: ID@Xbox Digitalean aurkeztutako lanak probatzeko aukera aparta.

Indien zuzenekoa Xbox Games Showcase-aren ostean dator: aurkezpen handian ere bideojoko independenteren bat edo beste ikusi genuen, baina hauei zuzendutako berezko espazioa egiten dute urtero.