33 Immortals, Hotel Barcelona, Moonlighter 2: The Endless Vault edo Lies of P: Overture igaro dira Microsoft-ekoen emanalditik.
Xboxek bideojoko independenteei eskainitako emanaldi berezia eskaini du. ID@Xbox Showcasean kontsoletara zein ordenagailuetara iritsiko diren askotariko tituluak bildu dituzte.
22 bideojoko aurkeztu dituzte guztira. Ezin daiteke esan ezustekorik handirik egon denik, baina badago zer edo zer oso interesgarria izan daitekeena; hortaz, errepasa ditzagun iragarpenik nabarmenenak.
Ratatan
PSP eramangarrian estreinatutako Patapon mitikoen oinordekoa dugu Ratatan. Hain zuzen ere, klasikoetan lan egindako garatzaileetako batzuek errepikatzen dute musika eta erritmoa batzen dituen joko honetan.
100 izakidun armadak kontrolatuko ditugu, kooperatiboan aritzeko aukerarekin. Aurten helduko da kontsola nagusi guztietara zein PCra.
Tanuki: Pon’s Summer
2025 bukaeran jasoko dugu Pon mapatxe txakur postariaren abentura ederra. Girotze japoniarrarekin, herri txiki batean abenturak bizitzen eta minijokoetan parte hartzen ariko gara, bertako bizilagunak ezagutzen ditugun bitartean. Xbox eta Switch kontsoletan jokatuko dugu, baita PCan ere.
33 Immortals
Spiritfarer, Sundered eta Jotun indie joko arrakastatsuen garatzaileen eskutik dator roguelike interesgarri hau.
33 Immortalsen iraultza batean parte hartuko dugu beste 32 jokalarirekin batera: ikuspegi zenitalarekin, MMORPGen raid handiak islatu gura dituzte akziozko ikuspegitik. Martxoaren 18an aurretiazko sarbidea hasiko dute Xboxean eta PCan.
Hotel Barcelona
Suda51 eta Swery65 garatzaileen obra berriak slasher filmeen girotzea bereganatuko du akziozko joko bizkorra eskaintzeko. Metroidvania eta roguelike azpigeneroak ardatz izanda, dozenaka munstroren aurka jarriko gaitu, buruzagi erraldoiak tartean.
Urte honetan estreinatu beharko litzateke, dena ondo badoa —iazko espero genuen— Xbox Series, PS5 eta PC plataformetan.
Moonlighter 2: The Endless Vault
Digital Sun estudio espainiarra Moonlighter interesgarriaren jarraipena prestatzen ari da, oraingoan 3Detara jauzi eginez. Zelda klasikoetako jokagarritasuna roguelike elementuekin elkartzen du, baita kudeaketa ezaugarriekin ere.
Borrokak eta puzzleak gainditu beharko ditugu ziegetako altxorren bila gabiltzan bitartean, ondoren hauek saltzeko. Aurten helduko da PC nahiz Xbox Series gailuetara.
Lies of P: Overture
Orain egun batzuk ezagutu genuen Lies of P sarituaren espantsio handia, Overture, eta Xboxen aurkezpenetik igaro da trailer berria aurkezteko. Joko originalean kontatutakoaren aurrekariak biziko ditugu eduki gehigarrian, Pinotxoren iragana ezagutuz.
“Laster” kaleratu omen behar dute Xbox Seriesetan, PS5ean zein PCan.
Balatro
Balatro ezagunaren PEGI adinkako sailkapena 12 urteetara jaistea berri pozgarria izan da askorentzat, baina, are alaiago hartuko dute zenbaitek Xbox Game Pass harpidetzan aurki dezakegula gaurtik aurrera.
Friend of Jimbo eduki estetikoaren laugarren gaurkotzearekin iragarri dute: Assassin’s Creed, Fallout, Civilization VII, Rust, Slay the Princess, Dead by Daylight, Bugsnax jokoen zein Critical Role kateko irudiak biltzen ditu karta jokoak.
Echo Weaver
Metroidbrainia gisa aurkezten dute Echo Weaver Moonlight Kids taldekoek. 2D akzio abentura honetan begizta batean harrapatuta egongo gara, eta gure esku dago misterio handia argitzea. Ziklo desberdinetan egitura berbera errepikatuko zaigu, baina: borroketan eta saltoka ariko gara mundu bortitza esploratzen gabiltzala.
Argitaratze datarik gabe, Xbox eta PC plataformetan argitaratzeko asmoa daukate.
Herdling
Far: Lone Sails edo Far: Changing Tides jokoen garatzaileek girotzez guztiz aldatuko dute Herdlingekin. Okomotive-n joko berrian artzain lanak egingo ditugu gure ardi-bufalo antzeko izakiak gidatzeko. Journey bezalako lanekin antzekotasun handiak edukiko dituela dirudi, narratiba aldetik, batez ere.
PlayStation, Xbox eta PC plataformetan ikusiko dugu 2025eko udan.
The Lonesome Guild
Don’t Nod taldearen hurrengo jokoa mamutxo batena da. Puzzle eta esplorazio abentura honetan bere oroimena berreskuratzea izango da gure helburua, bidean animaliz osatutako taldea osatuz.
Borrokak ere biziko ditugu: protagonista bere taldekideen barnean sar daiteke erasotzeko eta mugimendu bereziak erabiltzeko. Aurten datorren beste jokoetako bat, argitaratze data zehatzik gabe.
Tempopo
Musika eta puzzleak uztartzen ditu Unpacking ederraren sortzaileen titulu berriak. Tempopon Captain Toad zoragarriaren antzeko erronkak proposatuko zaizkigu; hala ere, mugimendu bakoitza aldez aurretik pentsatzean datza erronka.
Apirilaren 17an kaleratuko du Witch Beam estudioak: Xbox eta Switch kontsoletan zein PCan estreinatuko da.
Ultimate Sheep Racoon
Ultimate Chicken Horse ezagunaren garatzaileen joko berriak plataforma mekanikak alboratuko ditu. Motocross Maniacs bezalako klasikoen jokagarritasuna hartzen du bizikleta gaineko lasterketa joko honek.
Aldi berean, baina, editore mekanikak erabiliko ditu: zortzi lagunek zirkuitu eroak eraikiko dituzte, ondoren horietan lehiatzeko. Objektuak, tranpak eta gehiago erabili ditzakegu sormen prozesuan. 2025ean merkaturatzea espero da.
Iruzkinak