Atal bakoitzak ordezkatzeko gida sakonak prestatu dituzte. Gauza bera egin dute errealitate birtualeko Index gailuarekin.

Steam Decka etxean daukazuenok oraindik beldurra pasako duzue ziurrenik esku artean hartzerakoan. Horrenbeste desiratutako traste handia —eta aldi berean, txikia— zein baliotsua maneiatzea zoratzekoa da. Ziurrenik, denbora pasa ahala ohitu egingo gara, baina beti edukiko dugu beldu hori: zer egin erori edo piezaren bat apurtzen bada? Agindu bezala, horri irtenbidea bilatzeko iFixit saltoki ezagunekoekin elkarlana abiarazi dute Valvekoek: eskuko gailuarentzako ordezko piezak saltzen hasi dira.

Saltokiaren webgunean aurki daitezke PC txiki honentzako pieza mota desberdinak. Denetarik dago bertan: palankak, pantailak, botoiak, haizagailuak, bozgorailuak, bateria eta gehiago jarri dituzte salgai. Memoria handitzeko SSD disko gogorrak ere aurki daitezke.

Horietako batzuk webgunea martxan jarri eta minutu gutxi batzuetara agortu dira: haizagailuen kasua da, esate baterako. Ez da harritzekoa, erabiltzaile asko kexatu baitira hauek egiten duten zaratarengatik —gure kasua izan zen, baina gure haizagailuaren kasuan eguneraketen bidez dagoeneko konpondu dutela esan beharra daukagu—. iFixitekoek azaldu dutenez, beraiek eskaintzen duten piezak ez dauka arazo hori, beraz hainbat dira ordezkatzera animatu direnak.

Piezekin batera, hauek ordezkatzeko gida luze eta sakonak argitaratu dituzte, gainera. Bakoitza aldatzeak suposatzen duen zailtasuna eta guzti nabarmentzen dute txosten horietan. Modu horretara, halako kontuetan hasiberriak zein iaioak direnak arazo handirik gabe nahaspilatzen aritzeko aukera dute; are gehiago, Decka irekitzeko beharrezkoak diren tresnak ere salgai dituzte.

iFixitekoek Decka norberak konpontzeko baliabideei eta laguntzei buruz mintzatu da artikulu luze batean. Valve bideokontsolen diseinua aldatzera datorrela azpimarratu dute bertan: gailua kaleratu aurretik dagoeneko hau zabaltzeko eta konpontzeko gidak argitaratu zituztela gogoratu dute saltokikoek, baina merkaturatu ondoren ere erabiltzaileari erraztasunak eskaintzen ibili direla diote.

Erabiltzaileak ordezko pieza ofizialak kaleratu aurretik etxean beren esperimentuak egiten ibili direla gaineratzen dute: beren kabuz gailuaren zehaztapenak hobetu dituztela goraipatzekoa da iFixitekoen esanetan. Are gehiago, ordezkatze lanak egitea erraza dela diote: bihurkinekin eta kableekin aritzera ohituta daudenentzako benetan sinplea izango da Deckeko arazoak konpontzen ibiltzea.

Dena den, konpontzeko erraztasunen inguruan 10etik 7 bat eman diote, webgunearen ohiko balorazio sistema jarraituz. PlayStation 5-ak eta Xbox Series-ek daukaten emaitza berbera da; hala eta guztiz ere, gailu eramangarri eta txiki bati buruz hitz egiten ari garenez balorazio are positiboagoa dela aipatzen da. Oraindik hobetzeko lekua dagoela uste duten arren, lehen bertsio honekin egindako lana aparta dela uste dute.

Haizagailuen kasua aipatu dugu lehen, baina bateria nahiz botoi batzuen —L1 eta R1, adibidez— kasuak ere nabarmendu genituen Steam Deckaren analisian. Hauek etorkizunean aldatzeko eta hobetzeko aukera asko eskertuko da, zalantzarik gabe.

 

Erlazionatutako edukiak

Steam Deck - Analisia

Zehaztapenak, bideojokoak eta ezaugarriak