Bi aurkezpen egin dituzte agerkarikoek zenbait estudiorekin elkarlanean.
IGN Game Trailer Showcaseak datozen hilabeteotan —2024an, behintzat— estreinatuko diren 20 bat bideojoko bildu ditu. Estudio independenteen lanak izan dira nagusi, baina Konami bezalako enpresa handien obrak ere erakutsi dituzte: esaterako, The Plucky Squire, Harold Halibut, Rocket Knight Adventures: Re-Sparked Collection Adventures edo Contra: Operation Galuga aurkeztu dituzte,
Guztira ordubete inguruko iraupena eduki badu ere, bi ataletan zatitutako egitasmoa izan da IGN agerkariarena. Ez hori bakarrik: bestelako esklusiboak ere erakutsi dituzte aurreko egunetan. Esaterako, Moon Studios (Ori sagaren arduradunak) taldearen No Rest for the Wicked interesgarria edo Ikumi Nakamura garatzailearen Unseen estudioa prestatzen ari den Kemuri aurkeztu ditu IGNk.
Tituluak aurreratzeaz gain, hainbat demo ere iragarri dituzte. Esanguratsuenak errepasa ditzagun.
The Plucky Squire
Gure arreta behin eta berriz erakartzea lortzen duen indie joko horietakoa da All Possible Futures eta Devolver Digital taldeena. Jokagarritasun bideo berrian 2D eta 3D munduak uztartzen dituen abentura itxurosoaren borrokak eta puzzleak ikusi ditugu.
2024an estreinatuko da, printzipioz, plataforma nagusi guztietan.
Harold Halibut
Steam Next Fest-ean demoa probatu ondoren, Harold Halibut zoragarriaren trailer berria jaso dugu IGNri esker. Abentura grafiko honek claymation estiloko estetika proposatzen du: Wallace & Gromit edo Chicken Run filmeak gogorarazten ditu, beraz.
PCan eta PlayStation zein Xbox kontsoletan kaleratu nahi dute, dena ondo badoa, aurten.
No Rest for the Wicked
Moon Studioseko kideak Ori ederretik akziozko RPG ilunera eta odoltsura igaroko dira No Rest for the Wicked itxurosoarekin. Dark Souls gogorarazten digun lan horietakoa da, baina ikuspegi isometrikoarekin zeharkatuko ditugu bere gune gogorrak duelu latzetan aritzeko.
Martxoaren 1ean are xehetasun gehiago eskainiko dizkigute Wicked Inside saio berezian; izan ere, oraindik argitaratze data falta zaio. Plataformei dagokienez, PlayStationen, Xboxen eta PCan ikusiko dugu.
Rocket Knight Adventures: Re-Sparked Collection Adventures
Konami-ren plataforma joko klasikoak berriz jokatzeko aukera edukiko dugu birmasterizazio honi esker. Limited Run Games argitaletxearekin elkarlanean prestatutako edizio bereziak Rocket Knighten hiru jokoak elkartuko ditu.
Data zehatzik gabe, aurten argitaratuko dute PC, PlayStation eta Switch gailuetan.
Contra: Operation Galuga
Konamirekin jarraitzen dugu: Nintendo Direct Partner Showcase-an ikusi ondoren, Contra berria erakutsi dute IGNkoek. WayForward-eko adituek sortutako obra berria izango da: run and gun generoa berpizteari ekingo diote.
Contra: Operation Galuga martxoaren 12an kaleratuko da plataforma nagusi guztietan, baina Steam bidez demoa proba dezakegu dagoeneko.
Sand Land
Akira Toriyama Dragoi Bola eta Slump Doktorea manga maitatuen aitak marraztutako Sand Landek filma jaso zuen iaz, eta aurten bideojokoarekin bukatuko du. Dagoeneko ezagutzen genuen, eta jokagarritasunean sakontzeko aprobetxatu zuten aurkezpenean.
Apirilaren 26an hasiko gara deabruz betetako mundu apokaliptikoa esploratzen PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PCan.
Dave the Diver x Godzilla
Iazko ezusteetako bat izan zen Dave the Diver, eta eduki gehigarri zoroak jasotzen hasia da. Dredge indiearekin elkarlana egin ondoren, Godzilla mitikoa iritsiko da Mintrocket taldearen lanera.
Eduki gehigarria maiatzean estreinatuko da, abentura berriak proposatuz.
The Outlast Trials
Egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen Red Barrels-ek Outlast berria kaleratzeko, eta argitalpen bideo zirraragarria prestatu dute ospatzeko. Gerra Hotzean girotuko den prekuela izango dugu.
Martxoaren 5etik aurrera hasiko gara jokatzen ordenagailuetan zein PlayStation eta Xbox kontsoletan.
Kemuri
Ikumi Nakamura sortzailea Okami bezalako titulu maitatuetan lan egindako garatzaile mitikoa da, eta Unseen estudioa osatu du Tango Gameworks utzi ondoren. Euren lehen bideojokoa 2022an aurkeztutako Kemuri interesgarria izango da.
Bideoan prototipoa erakutsi digute irudi kontzeptualekin batera. Folklore japoniarra ardatz edukiko duen akziozko abentura kooperatiboa izango da: yokai izakiak akatzen ibiliko gara elkarlanean.
IGN Game Trailer Showcaseko bi atalak osorik ikusi nahi badituzue, jarraian aurkituko dituzue:
Iruzkinak