Lehen eta hirugarren pertsonako abenturak akzioa zein puzzleak uztartuko ditu abenduaren 9tik aurrera. PCra eta Xbox Series kontsoletara iritsiko da lehenengo.

MachineGames eta Xbox taldeek laster merkaturatuko duten Indiana Jones and the Great Circle tituluaren hamabost minutuko bideoa eskaini dute. Orain arte zinematiketan eta trailer ikusgarrietan ardaztu badira ere, bideo berrian jokagarritasuna eta mekanikak izan dira protagonistak.

Indyren ohiko altxor ehizarekin hasten da bideoa, Raiders of the Lost Ark filmeko lehen eszena gogora ekarrita. Atal grafiko ikusgarriarekin, lehen unetik agerikoa da elkarreragitea eta kokalekuekin jokatzea zeharo garrantzitsua dela jokoaren erronkak zein desafioak gainditzeko.

Lehen pertsonako ikuspegiarekin murgiltzea erabatekoa izango da. Objektuak hartzen eta mugitzen ariko gara, eta borroken gehiengoa ere Jones irakaslearen begietatik biziko dugu; hala ere, ekintza batzuetarako hirugarren pertsonako ikuspegira igaroko gara, gure protagonista osorik ikustea ahalbidetuz.

Filmeetako elementu ezagunak ikusiko ditugu: nola ez, txapela, zigorra zein errebolberra itzuliko dira Indyren eskuetara. Puzzleak gainditzeko, baina, bere adimena bereganatu beharko dugu, inguruneak ikertuz eta egunerokoak zein bestelakoak irakurriz.

Esan bezala, ez da askorik geratzen Indiana Jones and the Great Circle estreinatzeko: abenduaren 9an ikusiko dugu PC eta Xbox Series plataformetan.

Nahiz eta Xboxen estudio batek garatutakoa izan, PlayStation 5ean ere ikusiko dugu, baina pixkat beranduago: 2025eko udaberrian merkaturatuko dute Sony-ren kontsolan.