Devolver Digital, Raw Fury, Annapurna Interactive eta gehiago prestatzen ari diren 25 obra inguru bilduko dituzte aurkezpen digitalean.
ID@Xbox bideo-joko independente eta digitalen egitasmoak indie estudioen lehenengo aurkezpena egingo du gaur arratsaldean. Bertan orain arte iragarri gabeko lanak zein aldez aurretik aurkeztutako jokoen aurrerapenak egingo dituztela agindu dute antolatzaileek.
Garatzaile eta banatzaileen artean nazioarteko estudioek parte hartuko dute aurkezpenean: Team 17, Devolver Digital, Raw Fury, Annapurna Interactive eta Drinkbox Studios bezalako indie garatzaileek beraien jokoak erakutsiko dituzte. Izan ere, 25 bat bideo-joko batuko ditu ekimenak: The Ascent, The Wild at Heart, Second Extinction eta S.T.A.L.K.E.R. 2ri buruzko berriak jasoko dituzte jarratzaileek.
Azken joko horren kasuan, GSC Game Worldeko arduradunek dagoeneko aurreratu dute ez dela gameplay trailerrik egongo. Izan ere, Microsoftek argitaratuko lehen prentsa oharrean horixe aipatzen zen, antolatzaileek informazioa zuzendu aurretik.
“Microsoften ekosistemara iritsiko diren jokoak izango dira, bai merkaturatze arrunt modura eta baita Xbox Game Passaren baitan”, adierazi dute antolatzaileek Xboxen blogean. Zuzenekoan trailerrak ez ezik, garatzaileei egindako elkarrizketak eta zozketak ere egingo dituzte.
Aurkezpena gaur 17:00etan izango da. Jarraitzeko Twitcheko bi kanal egongo dira: Twitch Gaming eta Xboxen kanala.
Iruzkinak