Duela pare bat aste azkenaldian gehien gustatu zaidan jokoa kaleratu zen, The Witness deituriko puzzle jokoa, hain zuzen ere. Jonathan Blow-ren abentura berria da hau, Braid bikainaren ondoren kaleratu duen lehen jokoa. Zortzi urte pasa dituzte berak eta bere taldeak The Witness egiten, eta kaleratze data baino lehen erakutsi zituzten irudiek argi uzten zuten hau ere oso ona izango zela.

The witness, irla erraldoi bat

Kaleratze data baino aste bat lehenago, pre-order edo aurre-erosketa egiteko aukera ematen hasi ziren, orduan argitaratuz, lehen aldiz, prezioa. Indie jokoen munduan murgilduta bizi garenok badakigu horien prezioa 20 euro inguruan ibiltzen dela kaleratzen den egunean, ondoren apurka-apurka jaisten joan dadin. Joko honen prezioa ia bikoitza da, 37 euro balio dituelarik. Eta hau ikustean, internetek bereak egin zituen: matxinada abian zen.

“Jonathan Blow ez da indie-a!”, “Zer uste du honek, 40 euro ordainduko ditugula indie joko batengatik?” eta “Hau ez da AAA joko bat, zergatik du prezio hori?” bezalako esaldiz bete zen sareen sarea.

Penagarria da halako esaldiekin sortzaileak iraindu aurretik jendeak ez zuela behar bezala hausnartu jokoaren balioa. 50 eta 100 ordu arteko iraupena duen jokoa da, mundu ireki batean kokaturiko 650 puzzle eta hainbat sekreturi esker. Ahots-aktore profesionalak kontratatu dituzte, The Last of Us, Shadow of Mordor, The Order: 1886 eta Fallout 4 jokoetako ahots batzuk hemen ere entzun ahal izango ditugularik. Apustu arriskutsua da, ez baita normalean arrakastatsua izaten den joko horietako bat, puzzle jokoen publikoa murriztuagoa izan ohi baita. Eta batez ere, talde baten azken 8 urteak dira, inongo soldatarik gabe lanean aritu direnak jokoaren salmentatik lortuko duten diruaren trukean, horren zenbatekoa zein izango zen jakin gabe.

Puzzle joko bikaina

Indie etiketaren peajeak, lagunok. Zure jokoak grafiko sinpleak izan ditzake, edo istorio laburra izan, edo estilo oso pertsonal bat erabili. Baina azken urteotako inbertsio eta lanagatik dirua irabazi nahi duzula? Nor uste duzu zarela, Ubisoft?

Bideo-jokoen mundura ere heldu dira etiketak. Eta horren ondorioz artikulu hau ez da jokoaren iruzkin, analisi edo kritika bat izan, etiketei buruzko hausnarketa baizik. Ea noiz utzi ditzakegun alde batera behingoz, jokoei buruz hitz egiteko gogoz nago eta.

Xabi Linazasoro ez da indie-a!