20 minutuko aurkezpenean garatzaile independenteek Switch kontsolarako prestatzen dabiltzan bideo-jokoen berri emango dute.
Nintendokoek bideo-joko independentak ahaztuta zeuzkatela zirudien: apirilean egin zuten indien azken aurkezpena, azkenaldian bideo-joko propioei zein garatzaile handienetakoei garrantzia handiagoa eskainita. Ez da horrela, baina; ezustean iragarri dute hurrengo Indie World aurkezpenaren eguna, eta uste baino askoz lehenago egingo dute: bihar bertan ikusiko ahalko dute nintendozaleek.
18:00etan hasiko dute, ohi bezala, Nintendoren Youtubeko kanaletatik. Ez dute adierazi bertan ikusiko diren jokoak zeintzuk izango diren, baina 20 minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute arduradunek.
Motza izango da beraz, baina urduritasun handia dago bideokozaleen artean. Izan ere, Nvidia-ren filtrazio handian Hollow Knight: Silksong desiratua 2022ko otsailean kaleratuko dela azaltzen zen. Bai, badakigu agian pailazoarena egiten gabiltzala beste behin, baina ez da etsi behar.
Dena dela, datozen hilabeteetan Switchean estreinatuko diren proiektu independenteen zerrenda luzea ikustea espero da bihar arratsaldeko aurkezpen berezian.
Iruzkinak