Salmenta datuak, hamarkada honetan kaleratzea aurreikusitako tituluak eta gehiago lapurtu ditu Rhysida taldeak.
Egun zailak dira Insomniac Games eta PlayStation taldeentzat. Rhysida izeneko ransomware taldeak 1,3 milioi fitxategi lapurtu dizkie ondoren argitaratzeko: 1,67 terabyte datu, zehazki, Cyber Daily agerkariak jakitera eman duenez. Insomniacek gordeta zeukan datuen % 98 suposatzen du, eta, zelan ez, horien artean etorkizuneko proiektuen eta jokoen informazioa dago.
Kolpe latza da PlayStationen taldearentzat, eta ez dago bide aproposik hedatutako informazioa albistean lantzeko. Trailerrak, bideoak, artea, eduki gehigarriak, argitaratze datak, salmenta datuak… denetarik ageri da filtratutako txostenetan.
Argitara ateratako informazioa aipatu gabe uzteak ez dauka zentzurik; hedabide nagusi guztiek ezagutzera eman dituzten datuak dira, azken finean, eta datozen egunotan are informazio gehiago zabaltzea aurreikusten da. Hala ere, irudiak eta bideoak alboratuko ditugu Game Erauntsian.
Insomniacen aldetik informaziorik esanguratsuena estudioaren ibilbide orria da: 2031/2032ra arte aurreikusita dituzten bideojokoak agertzen dira txosten batean.
Marvel argitaletxearekin elkarlanean jarraituko dute bai Kaliforniako enpresak, bai PlayStationek: Otsokume superheroiaren dagoeneko iragarritako Marvel’s Wolverine garatzen aritzeaz gain Spider-Man 3, Venom bilauaren Lethal Protector deitutako jokoa, X taldearen titulua zein Ratchet & Clank berria prestatzeko asmoa daukate. Aurretik, baina, Spider-Man 2rentzako bi eduki gehigarri argitaratuko lituzkete.
Otsokumeren jokoa izan da lapurretaren izarra, zalantzarik gabe: jokagarritasun bideoak argitaratu dituzte. Are gehiago, dirudienez PlayStation 5erako nahiz PCrako demoa egongo litzateke sarean.
Spider-Man, Kratos eta Aloy, nagusi
Salmenta datuak ere zeresana izan dute: 2022ko otsaileko datuak islatzen dituzte. Spider-Man originala izan da PlayStationekoen jokorik salduena: 22 milioi aleak gainditu zituen iaz. Bere atzetik daude God of War (20,8m), Horizon Zero Dawn (19,2m), Uncharted 4: A Thief’s End (18,6m), The Last of Us Remastered (18,2m) eta Gran Turismo Sport (12,7m).
PCko salmentak ere ezagutu ditugu. PlayStation Studios-en ordenagailuetako jokorik salduena Horizon Zero Dawn izan da, 3,3 milioi alerekin —PCra iristen lehena izan zela gogoratu beharra dago, baina mundu irekiko jokoek indarra dutela agerikoa da—. Atzetik God of War (2,5m), Days Gone (1,7m) eta Marvel’s Spider-Man Remastered (1,3m) ditu.
PlayStation Studiosekoen beste proiektu batzuk ere ezagutu ditugu, gainera. Bluepoint Games taldeak berregiteak alboratu dituela dirudi, eta une honetan izenik gabeko bideojoko guztiz originala garatzen ari da.
Sony-ren asmoak eta beldurrak ere ikusi dira txostenetan. Interesgarriena Xbox-en eta Activision Blizzard-en bat egiteari buruzko aipamena da: PlayStationen “oinarriak” kolokan jartzen dituen erosketa dela azpimarratzen dute barne txostenean.
Kolpe gogorra industriarentzat
Esan bezala, lapurtutako datuen kopurua ikaragarria da: industrian jazotako handiena, ziurrenik. Datozen egunotan are informazio gehiago ikusiko dugu sarean.
Bitartean, bideojokoen mundutik ransomware taldearen lapurreta gaitzetsi dute; adibidez, Remedy Entertainment estudioak langileen datuak eta informazio pertsonala argitaratu dela nabarmendu du, horrek dakartzan arriskuekin.
Ez da egunotan ikusitako filtrazio bakarra izan, ordea. Rocksteady estudioak bere Suicide Squad: Kill the Justice League abenturaren gidoia, bideoak eta hizketaldiak saretik zabalduta ikusi zituen orain egun batzuk.
Halako jazoerak “etsigarriak” direla aldarrikatu dute, eta bideojokozaleen komunitateari spoiler-ak zabaltzeari uzteko eskatu die.
Iruzkinak