Urriaren 12an merkaturatuko dituzte 329 dolarretara; Nvidia-ren RTX 3060Ti GPU-en parekideak izango dira.

Intelekoek txartel grafikoen merkatura jauzi egin dute orain gutxi. Hala ere, kaleratutako GPUak gama baxukoak izan dira orain arte. Hori aldatzera datoz Arc A770arekin: gama ertain-altuko txartelaren zehaztapenak eskaini dituzte.

Hasteko eta behin, merkaturatze data zein prezioa jaso ditu osagaiak: urriaren 12an kaleratuko du Intelek —bai, Nvidia-ren RTX 4090a estreinatuko den egun berean—329 dolarretara argitaratuko da AEBetan. Hori bai, prezio hori hasierakoa dela ulertzen da: ondoren fabrikatzaileek hau aldatu egingo dute.

Gainera, bi modelo desberdin daude: 8GBekoaren prezioari buruz gabiltzala suposatzen da, eta 16GBeko edizio berezia garestiagoa izango dela. Antza denez, Intelekoek ez dute guztiz zehaztu.

Orain bai, goazen eskaini dezakeena ezagutzera:

  Arc A770 16GB Arc A770 8GB
GPU ACM-G10 ACM-G10
XMX Motoreak 512 512
FP32 Nukleoak 4096 4096
XE nukleoak 32 32
Erlojuaren abiadura 2100 MHz 2100 MHz
Memoria 16GB GDDR6 8GB GDDR6
Memoriaren interfazea 256-bit 256-bit
Memoriaren erlojua 17.5 Gbps 16 Gbps
Korrontearen erabilera 225W 225W
Prezioa 329 dolarretatik hasita 329 dolarretatik hasita
Argitalpen data Urriak 12 Urriak 12

Bideojokoak nola mugituko dituen ezagutzea da garrantzitsuena, noski. Hori islatzeko Nvidiaren RTX 3060-arekin alderatu dute A770a: errendimendu aldetik % 25 hobea izango dela adierazi dute. Modu horretara, 3060Ti grafikaren parekidea izango dela suposa dezakegu.

Proba hauek 1080p-ko bereizmenera eta Nvidiaren indargunea, izpien trazadura, aktibatuta egin dituzte. Egia esan, Intelekoak ez dira nagusi irtetzen joko batzuetan: hamazazpi joko probatuta, hamabitan izan dira garaileak.

Berreskalatze teknologiei buruz hitz egiteko ere aprobetxatu zuten, gainera. Intel XeSS erreminta Nvidiaren DLSS-aren parekoa izango dela diote —behintzat, 2.0 bertsioarena—.

Aurkeztutako GPUa ez da merkatuko onena izango; dena den, PCko jokalarien gehiengoak ez ditu gama altueneko txartelak erosten. Are gutxiago, gaur egungo prezioekin. Steam plataformako hardware inkesten arabera: GTX 1060-a, GTX 1650-a zein RTX 2060-a dira nagusi azken hilabeteotan.

Hori horrela, Intelek gamarik hedatuenean sartu nahi duela pentsa daiteke. Prezio ofizialen aldetik, Nvidiaren 3060 txartel grafikoaren berbera balioko du; une honetan prezio ofizialean GPU horiek aurkitzea ezinezkoa dela nabarmendu beharra dago, noski.

Arc txartelekin zaleen beldurrik handiena Vulkan edo DirectX 12 APIak erabiltzen ez dituzten bideojokoetan dago. Izan ere, DX11-rekin zein OpenGL-rekin arazoak izan ohi dituzte.

Halere, benetako probak egiteko urriaren 12ra itxaron beharko da, Intel Arc 770 GPUak kaleratuko diren egunera.