Abenduan eta urtarrilean merkaturatuko dituzte, hurrenez hurren. Errendimendu egokia agintzen dute prezio aproposean.

Intel etxeak Battlemage markako Arc B txartel grafiko berriak iragarri ditu. Arc B580 eta Arc B570 gama ertainera bideratuta dauden GPUak dira.

Modu horretara, gama gorena Nvidia-ren eskuetan egongo da oraindik, baina Intel gogor dator egungo gama ertainaren belaunaldia astintzera Intel XE2 Battlemage arkitekturadun txipekin.

Arc B580 indartsuagoari begira jarri dira aurkezpenean. Abenduaren 13an merkaturatuko dute; ez dugu eurotan edukiko duen prezioa ezagutzen, baina 249 dolar balioko ditu AEBetan.

Errendimenduari dagokionez, Intelen aurreko A750 Limited Edition GPUa baino % 24 bizkorragoa izango omen da; Nvidiarekin alderatuta, berriz, RTX 4060a baino % 10 azkarragoa. Nabarmentzekoak dira bere 12 GB VRAMak.

Teorian, noski, baina halaxe adierazten du Intelek 1440p – Ultra kalitate grafikoari lotutako argitaratutako tauletan: Cyberpunk 2077 63 fps-tan, Resident Evil 4 Remake 99 fps-tan edo DOOM Eternal 188 fps-tan mugitzeko gai izango omen da, besteak beste.

Arc B570 xumeagoa, bestalde, urtarrilaren 16an iritsiko da 219 dolarreko prezioan. Ez ditugu bere errendimendu datu ofizialak jaso, baina 8 GB VRAM edukiko dituela dakigu.

Jarraian ezaugarri guztiak irakur ditzakezu:

Txartel grafikoa Arc B580 Arc B570
Arkitektura BMG-G21 BMG-G21
Prozesatze teknologia TSMC N5 TSMC N5
Transistroeak (Mila milioi) 19.6 19.6
Trokelen tamaina (mm^2) 272 272
Xe nukleoak 20 18
GPU nukleoak (Shader-ak) 2560 2304
XMX nukleoak 160 144
Izpien trazadura (Ray Tracing) nukleoak 20 18
Grafikoen erlojua (MHz) 2670 2500
Erlojuaren gehienezko abiadura (MHz) 2850 2750
VRAM abiadura (Gbps) 19 19
VRAM (GiB) 12 10
VRAM Bus zabalera (bits) 192 160
L2 (L1) cache tamaina (MiB) 18 (5) 13.5 (4.5)
Memoria zabalera (GBps) 456 380
Interfazea PCIe 4.0 x8 PCIe 4.0 x8
Kontsumoa (watt-etan) 190 150
Argitalpen data Abenduak 13, 2024 Urtarrilak 16, 2025
Prezioa 249$ 219$

 

Nvidiaren eta AMDren parera jarrita

Intelen teknologia eraberrituen helduko dira bi GPUak: Intel XeSS Super Resolution 2 (XeSS-SR2) ezaugarriarekin bereizmena eskalatu ahalko dugu; gainera, XeSS Frame Generation (XeSS-FG) teknologiak segundoko irudien tasa areagotzeko balioko digu; bukatzeko, Xe Low Latency (XeSS-LL) aukerarekin latentzia hobetuko dugu gure partidetan.

Argi dago aukera paregabea dela Intelek gama ertaineko merkatua bereganatzeko. Egia da bere aurkari zuzenenak denbora daramatela merkatuan: RTX 4060 2023. urtean merkaturatu zuen Nvidiak, eta AMDren RX 7600 XT urte hasieran jaso genuen.

Halere, prezio erakargarriekin eta errendimendu bizkorragoarekin aurre egiteko prest datoz Battlemageak. Oso beharrezkoa, garestiegia eta eskasegia bilakatu den gaman, baita merkatuan ere. Esan bezala, egun batzuk barru, abenduaren 13an, jasoko dugu Arc B580. Urtarrilaren 16an, berriz, Arc B570 txartela merkaturatuko dute.