Bizitza simulagailua Unreal Engine 5 bidez sortutako atal grafiko ikaragarriarekin dator. Aldi baterako demoa argitaratu dute.
inZOI bizitza simulagailuak aurretiazko sarbidearen xehetasunak eskaini ditu. The Sims sagari aurre egitera datorren klon interesgarria martxoaren 28an helduko da Steam plataformara.
inZOI Studio taldeak garatutako eta Krafton argitaletxeak merkaturatutako jokoa Unreal Engine 5 garapen motorearekin sortu dute. 2023an iragarri zuten ofizialki, eta ordura arte hainbat bideo zein aurrerapen ikusteko aukera eduki dugu.
Sarbide goiztiarrarekin jokalariei “titulua lehenago probatzeko eta feedbacka eskaintzeko” aukera eskaini gura diete. Prozesu kolaboratikoarekin inZOI findu nahiz komunitateak jokoarengandik bilatzen duena ezagutu ahalko dutela diote egileek.
Atal grafiko ikusgarriarekin, harreman eta eraikitze sistema konplexuak agintzen ditu bideojokoak. Zoi izeneko pertsonaiak sortuko eta kudeatuko ditugu: sim-en antzeran, hauen bizitza gidatuko dugu, baina gure kontrolpetik kanpo dauden elementuak ere ikusiko ditugu.
Are gehiago, etxeak zein hiriak sortzea ahalbidetzen digute: eraikinak, kaleak edo auzoguneak eraikiko eta eraldatuko ditugu, baita eguraldia kontrolatu ere. Istorioak sortzea proposatzen digu jokoak, laburbilduz. Adimen artifizialaren erabilera ere aipatzen dute; izan ere, jantzientzako edo paretetarako testurak edo iruditeria sortzeko erabiliko du jokoak, baita bestelako objektuak eratzeko.
Gaur, gainera, InZOI: Creative Studio izeneko doako demoa argitaratu dute. Pertsonaiak zein etxeak sortzeko editorea aurkituko dugu bertan; tamalez, demorako sarbidea ez da aproposena, jokoaren zuzeneko emanaldi ofizialak ikustera derrigortzen baigaituzte, eta, halere, ez dugu zertan eskuratu, kodeak mugatuta egongo baitira.
Lehen hiru egunetan horrela izango da: martxoaren 23tik 27ra bitartean, berriz, erabiltzaile guztiei zabalduko diete Creative Studio erabiltzeko aukera.
Early access fasearen lehen bertsioak eskainiko dituen edukiei dagokienez, “jokoak bilduko dituen oinarrien gehiengoa” ikusiko dugu sarbide goiztiarrean: bi hiri esploratuko ditugu, harremanak sortzeko aukera egongo da, hainbat lan desberdinetan parte har dezakegu, edo denetariko sormen tresnak erabili, besteak beste. Etorkizunean, esate baterako, gidatze mekanikak edo jazoeren sistema dinamikoa inplementatuko dituzte eduki estetikoekin batera.
Aurretiazko sarbidea 39,99 eurotan merkaturatuko da Steam plataforman; ohikoa den bezala, tituluaren 1.0 bertsioaren kaleratzeak prezio igoera ekarriko duela aurreratzen dute Kraftonekoek.
Proposamen interesgarria dakar inZOIk, batez ere, hainbat urtez izoztuta geratu den The Sims familiei aurre egiteko. Oraindik ibilbide luzea dauka: early accessak urtebete irautea espero dute, baina ibilbide orria alda daitekeela diote egileek, komunitatearen nahiei erantzuteko.
inZOI martxoaren 28an estreinatuko da aurretiazko sarbidean.
Iruzkinak