Hitmanen arduradunek teaser labur batekin eman dute albistea. Istorio propioa kontatuko dute bertan.
007 bideojokoen mundura itzuliko da zortzi urteren ondoren. Hitman sagaren garatzaileek James Bonden joko berri batean lan egiten ari direla adierazi dute: Project 007 izenarekin aurkeztu du oraingoz IO Interactivek.
Jokoari buruzko xehetasun handirik eman gabe egin dute aurkezpena: ez dago espioiaren abentura berriaren irudirik. Hala ere, gidoi originala edukiko duela azpimarratu dute garatzaileek.
Aurkeztutako proiektua ez da James Bonden film eta liburuetan oinarrituko, eta espioiaren hastapenak kontatuko dituzte bertan: Bondek “00” mailako espioia bilakatu eta hiltzeko baimena eskuratu zueneko istorioa izango da.
James Bonden azken jokoa 2012an estreinatutako Legends izan zen. Zaleen zein kritikaren aldetik balorazio eskasa jaso zuen Eurocomen lanak.
Plataformak eta argitaratze datarik zehaztu gabe, “gaitasun handiko nazioarteko garatzaile taldea” eratzen ari dira IO Interactivekoak.
Iruzkinak