Jokalari bakarrarentzako kanpaina guztiz berria gehituko du eduki gehigarriak: arma, etsai eta kokalekuak gaineratuko dizkio shooterrari.
Duke Nukem 3D, Shadow Warrior edota Blood bezalako tiro jokoen estetika zein mekanikak gogora ekartzeko asmoz sortu zuten Ion Fury (hasiera batean Ion Maiden deitua) 3D Realms eta Voidpoint estudioek. 2019an argitaratutako jokoarentzako espantsioa iragarri dute orain: Aftershock.
Shelly protagonistaren kontrola berriz hartuta, jokalariek etsaiak akatzeko baliabide berriak jasoko dituzte eduki gehigarri honetan. Ibilgailuetan ziztu bizian tiroka airtu ahalko dira oraingoan, baina arma berriak ere aurkituko dituzte espantsioan. Orain arte ikusi gabeko arerio eta kokalekuak ere prestatzen ari dira Aftershockerako. Heskel bilaua behin betiko akatzea izango da Shellyren helburu nagusia.
Ion Fury 2016an kaleratutako Bombshell Twin Stick Shooterraren aurreko atala da. Tiro jokoak Build Engine motor grafiko klasikoa erabiltzen du: horrekin sortu ziren Duke Nukem 3D bezalako hainbat hiru dimentsiotako shooter ezagunak. Hori horrela, Ion Furyk garai hartako jokoen atal estetiko berbera mantentzen du.
Aftershock espantsioa uda honetan kaleratuko dutela aldarrikatu du 3D Realmsek. Ion Fury PC, PS4, Xbox One eta Switch plataformetan jokatu daiteke.
Iruzkinak