iOSeko erabiltzaileek azaroaren 5etik aurrera jokatuko ahalko dute estrategia joko arrakastatsura. Android gailuetan datorren urtean estreinatuko da.
Feral Interactive garatzaileak XCOM 2 Collectionen gailu mugikorretarako port batean lan egiten ari dela iragarri du. Firaxisek 2016an PC eta kontsoletarako estreinatutako estrategia jokoa eta eduki gehigarri guztiak batuko ditu.
Horrela, oinarrizko XCOM 2, War of the Chosen espantsioa eta lau DLC bilduko ditu iOS eta Androiderako kaleratuko duten bertsioak. 27,99 eurotara argitaratuko dela azaldu dute, eta ez du inolako mikrotrantsakziorik edukiko joko barruan.
Lehenik iOS gailuetarako estreinatuko da: azaroaren 5ean erosi ahalko da. iPhone 7 Plus, 8 Plus eta iPhone Xren ondoren merkaturatutako edozein iPhone gailutan jokatzeko prest egongo da. Ipaden kasuan 2017tik aurrera egindako Ipad Proetan eta 2019tik aurrera saldutako Ipad normaletan ibiliko da XCOM 2 Collection.
Androiden erabiltzaileek datorren urtera arte itxaron beharko dute. Data zehatzik eman gabe, Feral Interactivekoek informazio gehiago eskainiko dutela adierazi dute Twitter bidez.
Estrategia joko bikain honetan gizadiak estralurtarren inbasio bati aurre egin beharko dio. Soldaduak eta baseak kudeatu eta hobetzea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko, eta txandakako borrokak era egokian jokatzen ikasi beharko da gainera.
Iruzkinak