Apple Event aurkezpenean gailu berria aurkeztu eta RE Village eta Death’s Stranding bezalako AAA tituluak natiboki mugitzeko gai izango dela erakutsi dute.
Applek bideojokoen munduan barneratzen jarraitzen du. Capcom-en Resident Evil 4 Remake zein Ubisoft-en Assassin’s Creed Mirage iOS sistema eragilean estreinatuko dira, beste hainbaten artean; zehazki, iPhone 15 Pro eta Iphone 15 Pro Max mugikorretan funtzionatuko dute.
Aurten kontsoletan eta PCan estreinatutako RE4 klasikoaren berregitea “urte bukaeran” iritsiko da iPhonera, Tsuyoshi Kanda jokoaren ekoizleak baieztatu duenez. Ez hori bakarrik, beldurrezko sagaren zortziarren atala, RE Village, ere helduko da Applekoen gailura.
Assassin’s Creed sagako Mirage, berriz, 2024 hasieran iOSen egongo dela adierazi dute Cupertinokoek —kontsolek eta ordenagailuek datorren hilabetean jasoko dute—.
Bestelako AAA bideojokoak ere prestatzen dabiltza iPhonerako. Death Stranding sarituan zein The Division sagako Resurgence atal berrian jokatu ahalko dugu pantaila txikian.
Atzo egindako Apple Event ekimenean erakutsi zituzten lehen aldiz 15 serieko gailuak. Pro bertsioak izango dira aurreratuenak, eta jokook mugitzeko gai izango diren bakarrak.
Bertsio natiboetan jokatuko dugu: A17 Pro txipak dakarren belaunaldi berriko sei neural engine nukleoko GPUarekin “jokatzeko gailu eramangarri ikaragarri indartsua” sortzeko balio duela diote sagarraren taldeokek.
Grafikak, gainera, hainbat ezaugarri berritzaile edukiko ditu. “Mesh shading-arekin indar gutxiago erabilita xehetasunez betetako inguruneak sor ditzakete jokoek”, dio Sribalan Santhanam Appleko silicon ingeniaritza taldeko zuzendariordeak.
Izpien trazadura ere ikusiko dugu 15 Proan: “Hardware bidezko ray tracing-arekin gaur egungo mugikorretan ikusitako errendimendurik onena lortuko dugu izpien trazadurarekin”.
Iphone 15 seriea irailaren 22an merkaturatuko da. Iphone 15 Pro gailua 1.219 eurotan saltzen hasiko dira; Iphone 15 Pro Max, bestalde, 1.469 eurotik aurrera.
Iruzkinak