Indiana Jones and the Great Circle: The Order of Giants espantsioa edo Sonic Racing CrossWorlds daude iragarrita egunotarako.

Lanera edo ikasketetara itzultzeko egunak hasi dira askorentzat. Eskerrak bideojokoak ditugula bidaia pixkat errazteko: iraila, batez ere lehen egunak, bideojokalariak pozteko altxor ederrekin hasiko zaigu.

Lehena, azken urteotako bideojokorik desiratuenetakoa da. Hollow Knight arrakastatsuaren jarraipena hemen da azkenik: ongi etorri, Silksong. Dena den, Hell Is Us edo Silent Hill f bezalako proposamen benetan bereziak jasoko ditugu egunotan.

Publiko zabalagoari begira jarrita, Indiana Jones and the Great Circle bikainaren ordainpeko eduki gehigarria zein Sonic Racing lasterketa joko berria ikusiko ditugu, baita.

 

Hell Is Us

  • Argitaratze data: 2025-09-04
  • Garatzailea: Rogue Factor / Nacon
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Titulu bitxi bezain interesgarriarekin hasiko gara: hirugarren pertsonako akziozko bideojoko gogorra da Hell Is Us. Rogue Factor taldekoek maparik gabe esploratzeko gune eta ziega zabalak, soulslike jokoak gogora ekar ditzakeen ARPG borroka sistema eta hizketaldiak zein ikerketak agintzen ditu Ekialdeko Europako girotzearekin.

Ordenagailuan demoa jaitsi dezakegu jokoaren hasieran barneratzeko. Ondo badoa, urteko ezustearen aurrean egon gaitezke.

 

Hollow Knight: Silksong

  • Argitaratze data: 2025-08-04
  • Garatzailea: Team Cherry
  • Generoa: Abentura, plataformak
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, Switch 2

Ez da ustekabekoa izango, baina bai urteko bideojokorik handienetakoa. Hollow Knight: Silksong prest dauka Team Cherryk, eta asteon jasoko dugu. Hornet txikiaren abenturan madarikatutako erresumaren gailurrera iritsi beharko gara, bidean denetariko oztopoak aurkituz.

2D metroidvania oinarriak mantenduta, ehundaka arerio mota desberdin ikusiko ditu gure protagonistak. Bizkorra eta trebea da, baina, Hornet: abilezia eta arma mordoarekin ziztu bizian garaituko ditugu intsektu etsaiak, baita kokalekuak zeharkatu ere.

 

Indiana Jones and the Great Circle: The Order of Giants

  • Argitaratze data: 2025-09-04
  • Garatzailea: MachineGames / Bethesda Softworks
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Espantsio independentea prestatu dute MachineGamesekoek iazko Indiana Jones arrakastatsua oinarri hartuta. Erromara bidaiatuko du gure Indy maitatuak The Order of Giantsen.

Bestela, jatorrizko jokoaren mekanikak mantenduko dituzte; hau da, lehen pertsonako akzio eta isilpe jokoaren aurrean gaude —nahiz eta zenbait ekintzekin kamera hirugarren pertsonara igaroko den—. Immersive sim jokoen gakoak hartuta, esplorazioak eta puzzleek pisu handia hartzen dute Indyren jokoan.

 

Cronos: The New Dawn

  • Argitaratze data: 2025-09-05
  • Garatzailea: Bloober Team
  • Generoa: Beldurra
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Switch 2

Bloober Teamek beldurrezko abenturekin jarraitzen du. Resident Evil 4 edo Dead Space bezalakoen tiroketak bereganatuta, mundu latzean barneratuko gara Cronos: The New Dawnen.

Suak berebiziko garrantzia hartuko du; izan ere, akabatuko ditugun naturaz gaindiko munstroak guztiz suntsitzeko bide bakarra da. Ez bagara horretaz arduratzen, gainerako izakiek hildakoak bereganatuko dituzte, are izaki beldurgarriagoak sortuta. Aldi berean, etorkizuneko mundua konpontzeko iraganeko arimak batu beharko ditugu gure jantzi berezian: geroz eta gehiago bilduta, zoramena areagotuko da.

 

Borderlands 4

  • Argitaratze data: 2025-09-12
  • Garatzailea: Gearbox Software / 2K
  • Generoa: Akzioa, lehen pertsonako tiro jokoa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Ohiko premisa errepikatzera datoz Gearboxekoak laugarren Borderlandsekin: tiro mordoa, arma eroak, mundu irekia eta umore mordoa agintzen dituzte akzio kooperatiboarekin batera.

Lau protagonista berriren artean hautatuko dugu, beti bezala, bakoitzak bere abilezien zuhaitza eta trebezia bereziak edukita, Kairos planetan iraultza pizteko prest.

 

Dying Light: The Beast

  • Argitaratze data: 2025-09-19
  • Garatzailea: Techland
  • Generoa: Akzioa, beldurra
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Dying Light 2ren porrotaren ostean, berriz saiatzeko gogotsu dabiltza Techlandekoak. Poloniarrek spin-off modukoa prestatu dute The Beastekin: parkourra, zonbieak eta lehen pertsonako akzioa bilduko ditu berriz, baina oraingoan berritasun handiak datoz.

Horrela, Kyle Crane protagonistak zonbie botereak dituela ezagutuko dugu, abilezia interesgarriak eskainita. Pistolak, eskopetak eta bestelakoak erabiliko ditu, halere, baita ibilgailuak gidatu ere.

 

Silent Hill f

  • Argitaratze data: 2025-08-25
  • Garatzailea: NeoBards Entertainment / Konami
  • Generoa: Beldurra
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Aldaketa handiak datoz Silent Hill berriarekin, baina zaleak berotuta ditu Japonian girotzen den f atalak. Shimizu Hinako protagonistarekin 1960ko Ebisugaoka herrixka ezagutuko dugu… behelainoz —onddoak, baita— eta munstroz betetakoa, noski.

Akziora pixkat gehiago bideratu badute ere, NeoBards Entertainment estudio taiwandarrekoek originalen giro eta kutsu bera mantendu gura dute. Iraila bukatu aurretik jakingo dugu ea lortu duten.

 

Sonic Racing: CrossWorlds

  • Argitaratze data: 2025-09-25
  • Garatzailea: Sonic Team / Sega
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Switch

Autorik behar ez duen arren, Sonic trikua lasterketen mundura itzuliko da CrossWorldsekin. Dimentsio arteko zirkuituak dira berritasun nagusia: lasterketako buruak hurrengo kokalekua erabakiko du bide desberdinak hartzerakoan.

24 zirkuitu eta 23 gidari aurkeztuko dizkigu Sonic Teamen tituluak: pertsonaien artean Ichiban Kasuga, Persona 5eko Joker, Hatsune Miku, Minecraft-eko Steve edo Bob Belaki ikusiko ditugu, trikuaren unibertsoko ohiko protagonistekin batera.

 

Final Fantasy Tactics: The Ivalice Chronicles

  • Argitaratze data: 2025-09-30
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: Estrategia taktikoa
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Switch 2, Switch

1997. urtean PlayStation 1 gailuan estreinatutako FF Tactics maitatua birmasterizazio interesgarriarekin dator egungo kontsoletara zein ordenagailuetara. Bikoizketa berria, aldaketa grafikoak, eguneratutako interfazea eta beste hainbat bizitza kalitate hobekuntza jasoko ditu The Ivalice Chronicles bildumak, baina jatorrizko itxurarekin jokatzeko aukera ere eskainiko digu.

Txandakako borroka taktikoak dira ardatza, beste behin: istorio sakonean murgildu ahala gure armadak gidatu beharko ditugu lauki sarez osatutako borrokalekuetan zehar.